Euskotren Liga ederki hasi du Donostia Arraun Lagunak-ek eta Aiora Belartietak; VI. Bandera Cidade da Coruña jaso du Donostiako ontziak. Lehiaketa ez zen ohiko moduan gauzatu, ordea, lehen jardunaldia ezin izan zen jokatu.
Uztailako lehenean itsasoa zakar zegoen Coruñan eta kirolarien segurtasuna bermatuz, Batzorde teknikoak lehen hitzordua bertan behera uztea erabaki zuen. Hurrengo egunerako plan ezberdinak ere zehaztu zituzten.
Igandean ontziak ureratu ahal izan ziren eta Lugañenek Tolosaldea, Nortindale Donostiarra eta Tiran Pereirarekin batera lehen txandan parte hartu zuen; Intza Fernandez herritarraren Hondarribia Bertako Igogailuak-ek, aldiz, Orio Orialki, Cabo da Cruz eta Hibaika Jamones Ancin izan zituen aurkari.
Lugañene aurretik jarri zen hasieratik lehen saioan eta Aiora Belartieta herritarra brankalari lanetan ederki moldatu zen ziabogan, 06.17. Bigarren luzean atzetik zetorren Tolosaldeak aldea murriztu zuen arren, buruan iritsi zen helmugara Donostiako eskifaia 11.58,08 denbora eginez; bigarren lehiaren emaitzen zaien geratu zen.
Bigarren saioan Orio Orialki (12.03,98) izan zen nagusi eta bigarren postuan Hondarribia Bertako Igogailuak (12.12,70) iritsi zen. Mirotzek ezin izan zuten aurreko saioko lehen hiruren marka ondu, beraz, Lugañenek eskuratu zuen denboraldiko lehen bandera.