Ekainean zehar hainbat mendi lasterketa zein ibilaldietan izan dira herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ekainaren 28a

Usurbilen lehiatu zen Uxue Trail probako irteera. Arg.: Uxue Trail.

Hitzorduz betetako hilabetea izan dute Lasarte-Oriako mendi zaletuek . Lasterketa eta mendi martxa ugari izan dituzte aukeran eta batzuetan lehen postuetan izan dira

Ekainaren 24an Igelgoko igoera lehiatu zen Donostian. Lasarte-Oriako hiru ordezkari izan ziren bertan Axeriak taldeko Beñat LosArcos herritarra, Trinkoko Haitz Mitxelena eta Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) Mertxe Casas. Ondarretatik Mendizorrotzera (Polipasoko Antena) 7,2 kilometrotako ibilbidea egin zuten.
 
Ekainaren 18an, aldiz, Usurbilen antolatzen den Uxue Trail probako 20 km edo 11,5 km bideak egin zituzten herritarrek eta LOTMEko kideek. Batzuk parte hartzaile moduan, besteak antolakuntza lanetan edo laguntzaile modura haien harritxoa jarri zuten Phelan-McDermid Sindromea ikustarazteko. 20 kilometroko lasterketan gainera, lehen postuetan izan ziren Sergio Ramirez eta Jon Huici herritarrak.
 
Ekainak 10 eta 11 asteburuan ere, batetik bestera ibili ziren herriko kirolari zein ordezkariak. LOTMEko Mikel Caballero Andorrako Spartan Ultra proban lehiatu zen. 50 kilometroko ibilibidean 60 oztopori aurre egin behar izan zizkion. 11 ordu eta 14 minutu behar izan zituen helmugara iristeko eta hamabostgarren amaitu zuen.
 

LOTMEko kide Xabier Aizpurua Benasqueko Mendi Maratoi Handiko podiumean. Arg.: LOTME.

Xabier Aizpurua kideak Benasqueko Mendi Maratoi Handian (19 km), Huescan parte hartu zuen. Ia bi ordutan egin zuen bidea eta 23 urtez azpiko mailako lehena izan zen; sailkapenen orokorreko hamabigarren. 
 
Lakuntza Aralar Mendi Lasterketan Maikel Ubegun herritarra eta LOTMEko Ines Aguado izan ziren lehian. Aguado beterana mailako hirugarren sailkatu zen.
 
Tolosako T2T eta T3T lasterketetan ere izan ziren Lasarte-Oriako herritarrak. Xabier Mujikak ibilbide luzea egin zuen; motza, aldiz, Nerea Arteagak eta Miguel Granadok.
 
Hainbat mendi martxatan ere izan dira herritarrak aste hauetan. Hala nola, Fortuna KEko 81. Mendi ibilaldia, EH Mendi Erronka, Bedaioko Mendi martxa edo Lekunberriko mendi martxa.
 

LOTMEKo kideak eta herritarrak Lekunberriko Mendi Martxan. Arg.: LOTME.