Aisialdia eredu kapitalistaren azterketa egiten hasteko, aisialdiaz zer ulertzen den jarri du mahai gainean koordinakundeko ordezkari hizlariak. Nabarmendu du oro har pentsatzen dela lan orduetatik kanpo garatzen diren jarduera orok osatzen dutela aisialdia, baina hori, "azalpena erraza" da berarentzat; gaineratu du, aisialdia ezin daitekeela ulertu lanari kontrajartzen zaion kontzeptu gisa soilik.
Lan orduetatik kanpo egiten diren gainerako jarduerak (otorduak, atseden tarteak, eta abar) beharrezkoak diren arren, gaineratu du erreprodukzio sistema bati erantzuten diotela: "Horiek egiten ez egiteak eragingo du hurrengo egunean etekingarri ez izatea". Hori guztia esanda, gailendu du aisialdiak "interes jakin batzuei" erantzuten diela eta ez dela inondik inora "bizi garen sistematik independente kokatzen den zerbait".
Bere ustez, industria oso baten interes jakin batzuek moldatzen dute aisialdia: "Askotan saltzen zaigu aisialdia erabateko askatasunez aurrera eramaten dugun zerbait balitz bezala, eta norberaren nahi eta lehentasunei egokitzen dela, baina sakonean begiratuz ikus daitekeela gehienetan badaudela interesak modu bateko zein besteko jarduerak egitera bultzatzen gaituztenak".
Gaur egungo aisialdi jardueren ezaugarriak
Plataforma digitalek hartu duten indar eta funtzioaz mintzatu da gero, eta begirada jarri du askotariko sare sozialetan kontsumitzaileek pasatzen dituzten ordu luzeetan. Horrelako sare sozialetan saltzen den aniztasuna edo norbere nahietara egokitzeko lehentasun horren atzean dagoena joera kultural bati erantzuteko jarraitzea besterik ez dela ere azaldu du. Sare horietan saltzen diren "gorpuzkera normatiboez" hizketan jarraitu du gero, eta nabarmendu, horrek askotan emakumeen sexualizazio eragiten duela, edota "aberatsen bizimodua onargarri eta irisgarri gisa saltzea". Only fans bezalako plataformak ere izan ditu hizketagai: "Bukatu dute izaten sexualizaziorako eta produktu pornografikoak saltzeko plataforma bat, eta horrek, bereziki kolpatu dute emakume langileak".
Azken ondorio gisa, aipatu du plataforma digitalek eragiten dutela "munduaren ikuskera erabat kapitalista", betiere "interes jakin batzuei erantzuteko sortuak daudelako". Eta horrek gazte langileengan duen eragina zein den ere mahaigaineratu du: horien despolitizazioa. "Orduak eta orduak pasatzen ditugu plataforma horietan, bertan saltzen zaizkigun produktuak irentsiz, eta horretan gauden bitartean ez dugu pentsatzen horretara bultzatzen gaituenari aurre nola egin".
Aisialdiaren arloa osatzen duten beste zenbait arlo ere jorratu ditu; drogen kontsumoa eta kirola, besteak beste.