Aitor Manso Valdeorraseko igoerako podiumera igo da

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ekainaren 27a

Aitro Manso, Valdeorras probako podiumean. Arg.: Aitor Manso.

Aitor Manso gidariak Ourensen, Galizian lehiatu den Valdeorras igoeran parte hartu du eta bera milako hirugarren postua eskuratu du. Ibardin eta Fituko igoeretako arazo mekanikoak gaindituta, Espainiako Mendi Igoerako Txapelketako proba batean lehenik da podiumean herritarra

Urte gogorra izan ari da Aitor Manso gidarirentzat. Bi probatan – Ibardin eta Fituko igoera – kotxeko arazo mekanikoak izanagatik podiumeko aukerak galdu edo proba utzi behar izan zuen. Hilaren 23tik 25era jokatu den Valdeorraseko V. igoeran kendu du arantza gidari gazteak, ordea. CM Promo eta 9. mailako hirugarren postuan amaitu du lehia herritarrak. 

Espainiako txapelketako proban Joseba Iraola garaile izan bazen ere, Aitor Mansok lan ederra egin zuen. Entrenamendu eta lasterketa bakoitzean denborak ontzen joan zen, azken saioan izan ezik. Ezin izan zuen eguneko lehen saiokoa gainditu. Hala ere, sailkapeneko lehen postuetan mantendu zen herritarra saio guztietan eta azkenik, sailkapen orokorreko bosgarren eta CM Promo eta 9. mailako hirugarren postua eskuratu zuen. Bere aurretik Javier Villa eta Benito Perez asturiarrak izan ziren. Biek esperientzia handia dute maila horretako probetan; Villa gainera egungo Espainiako Mendi Igoeren txapeldun da.

Pozarren dago herriko gidari gaztea lortutako emaitzarekin eta esperientziarekin: "Ez genuen podiumean egotea espero. Baina maila ona daukagula konturatu gara".

Hurrengo hitzordua ere Espainiako txapelketako proba izango du Aitor Mansok eta hori ere Galizian izango da. Uztailaren 15 eta 16an, Lugora bidaiatuko da Chantadako igoeran parte hartzera.