PATXINTXI SARIAK

Milagros Etxaniz eta Sebastian Kerejeta izango dira aurtengo patxintxiak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ekainaren 26a

Ttakun Kultur Elkarteak ekimen asko aurrera eramaten ditu urtean zehar, euskara eta euskal kultura sustatzeko asmoz. Zentzu horretan, San Pedro Jaiek ezin dute salbuespena izan, eta hilaren 28an hasiko diren festen egitarauaren barruan eragile horrek prestatutako zenbait ekitaldi topa daitezke. Horietako bat da Gure Patxintxiak sariak

Egitasmo berezia da, eta horren xedea da Lasarte-Oriako 65 urtetik gorako bi pertsona maitagarri aintzatestea urtero: aurten Milagros Etxaniz eta Sebastian Kerejetak jasoko dute, udaletxe zaharreko balkoian, 12:15ean, haurren txupina eta gero. Bea Egizabal aktore eta umoristak gidatuko du saioa. 2016tik egiten dira aitortza horiek. Hauek izan dira orain arteko irabazleak, urtez urte (2020an ez zuten saririk banatu, pandemiagatik): Rosa Ventoso eta Ramon Uribe-Etxebarria (goian bego); Apoloni Otxandorena eta Jesus Mari Egizabal; Pepi Arsuaga eta Joxe Usabiaga; Nika Alvarez eta Blas Delgado; Felixi Tapia (goian bego) eta Patxi Manchado eta Maite Labiano eta Jose Luis Mendiluze.