Dial al sol jaialdiak berotu du Andatza plaza

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 25a, 23:40

Cadena Dial irratiaren musika jaialdiak herritar ugari erakarri du Andatza plazara igande iluntzean. Bigarren urtez, ibilbide sendoa duten eta hasiberriak diren musikariek hartu dute agertoki ibiltaria; iaz, ordea, ezusteko protagonista euria izan zen. Aurten ere egin du agerraldiren bat, arin eta labur, hortaz, ez dio musikari itzal egin. Cristina Dalmau kazetariak aurkeztu du saioa, zenbait unetan Mari Jose Arangurenek lagunduta, eta giroa berotzen aritu da taldeen arteko tarteetan. Barakaldoko Lorraine laukotea izan da lehena, eta beraien emanaldiaren ondoren, gainerako artista guztientzat jo du musika. Farga eta Hilario bakarlari gazteak izan dira hurrengoak, hiru eta bi kanta abestu dituzte, eta jarraian etorri dira Lagarto amarillo, Nerea Rodriguez, G Face, Gonzalo Hermida, Polo Nandez, Lorena Gomez eta Huecco gauerdira arte luzatu den ekimenean.