Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteak (LOTME) bigarrenez antolatu duen Familia Mendi Ibilaldian 141 lagunek izena eman zuten, baina 116 izan dira gaur goizean Okendo plazatik irten direnak. Buruntzara igo dira, LOTMEk Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean prestatu duen hamabi kilometro eta +490 m-ko desnibel positiboko txangoa egiteko asmoz. Atzoko berotik urruti, lainotuta eta epel esnatu da eguna, ibilaldirako apropos. Bidean bi anoa postu eskura izan dituzte partaideek eta abiapuntura iristean hamaiketako txiki bat ere eman diete antolatzaileek. Zoria alde izan dutenek, gainera, zozketan sariren bat eskuratu dute.