Oporren aurreko azken saio egin du Albokak eta horrek nahikoa berezia egingo ez balu, 35 urte bete dituela ere ospatu du koruak. Hori nabarmentzeko egitarau anitza atondu du emanaldirako.
Lehen zatian, Arnotegi lehiaketa nazionalean bigarren postua eman zioten Erdi Aroko eta Errenazimenduko doinuak izan dira nagusi: Virgo dei Genitrix, If ye love me, Sus, sus, sus, Más vale trocar eta Oy comamos y bevamos. Bigarrenean, berriz, euskal abestiekin osatu dute: Baratze bat, Mutil txaleko gorri eta Zure boza. Saioa itxi duena Bring me little water, Silvy kanta izan da. Azken horretan dantza ere egin dute lehen ilaran jarri diren abesbatzako kideek.
Horrez gain, ezustekoren bat ere izan da, izan ere, Albokan sorreratik partaide diren bost lagun omendu dituzte errepertorioa amaitzean: Mari Carmen Jauregi, Mari Karmen Arratibel, Pepi Aldazabal, Marian Olaizola eta Josean Sagarna. Lore sorta bana eman zieten, Amalur Guridi, Kizkitza Etxezarreta eta Nerea Eizagirre kideek bertsoak abestu zizkieten eta denek abestutako Agurra ere dantzatu diete. Ez dira loreak jaso dituzten bakarrak izan, Montse Latorre zuzendariari ere egin baitiote oparia.
Amaitzeko, azken kantan parte hartzera gonbidatu dituzte abesbatzako kide ohiak eta bospasei animatu dira. Eserlekua aldare aurreagatik aldatu duen emakumeetako bat hunkitu egin da eta zirrarak ez dio ia abesten utzi.