Iraia Iparragirre: "Ezagutu ditudan pertsona eta lagun guztiekin geratzen naiz"

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 23a, 21:09

Iraia Iparragirre herritarra, omenaldiko momentu batean. Arg.: Real Sociedad.

IRAIA IPARRAGIRRE ARGANDOÑA Realeko jokalari ohia

Ostadarren futbol jokalari bezala bere lehen pausoak eman eta Añorgan ondu ostean, Realean zortzi denboraldi egin ditu Iraia Iparragirre Argandoña (Lasarte-Oria, 1995) herritarrak. Duela hilabete futbol profesionalari agur esan zion talde txuri-urdineko kapitainak. Milaka bizipen daramatza berarekin, "onak eta ez hain onak", eta "pozik eta lasai doala" onartu du berarekin izandako solasaldian

Pozik zaude futbolean egindako ibilbideaz? 

Nire helburuak bete ditut, espero ez nituenak ere bai. Espero ez nituen momentuak, egoerak, bizi izan ditut eta horiek nirekin batera datoz motxilan; onak eta ez hain onak. Esan behar dut gauza ez hain onenetatik ere ikasgai positibo asko atera ditudala. 

Eta eskerrak horiek ere egon diren. Momentu zailak, tristurak edo buru makur zauden momentu horiek ere bizi behar dira eta garrantzitsuak dira. Ez da beti pozik eta linboan bizitzea. Eseri, hausnartu eta horietatik ere ikasi behar da.

Ez zenuen hasiera erraza izan.

Ni eskola kirolean hasi nintzenean neska askok izena ematen genuen, baina gero bakoitzak bere bidea egin nahi zuen ez zitzaielako hainbeste gustatzen edo ez zielako asko betetzen. Nik pilota eta futbolaren artean erabaki behar izan nuen. Banekien pilotan aukera askorik izango ez nuela. Gaur egun zorionez ezberdina da. Emakumeen pilota ikusten da eta ezaguna da.

Baina futbolean maila altua zuen Añorga taldea zegoela ikusi nuen. Orduan bigarren mailan jokatzen zuen eta nik  agian helburutzat bertan jokatzea jarri nion nire buruari. Banekien nik Realan bukatu nahi nuela, baina beno helburutzat bertan jokatzea, zergatik ez?

Eta Ostadarren hasi zinen entrenatzen.

Ostadarren, orduan, erregional mailako taldea zegoen bakarrik eta jokatzeko gaztea nintzenez, entrenatzen utzi zidaten. Eta ni baino hamar urte helduagoa zen jendearekin futbolean jokatzean, hori behar nuena zela konturatu nintzen, nik hori nahi nuela, gustuko nuela. Horrek indarra ematen zidan eta beraiekin jokatzeko gogo pila nituen.

Fitxa egiteko adina iritsi zenean, haiekin jokatzen hasi nintzen eta oroitzapen oso politak ditut. Añorga arerio zuzena zen eta Andoainen euren aurka finala jokatu genuela gogoratzen dut. Eta irabazi genien. Pentsa guretzako Añorga irabaztea ia ezinezkoa zen eta gogoratzen dut zein erretxinduta zeuden Añorgakoak. Lagunak ditut gainera…

Gerora Añorgara egin zenuen jauzia.

Bai, Añorgako probetara aurkeztu nintzen eta hartu ninduten. Pozarren nengoen. Lagunez gain eta tituluez gain, lehen mailarako igoera jokatu genuen, Euskal Herriko kopa irabazi genion Athletici garai hartan aurkari zuzena zena… Oroitzapen asko ditut. Baina ezagutu ditudan pertsona guztiekin geratzen naiz, sortu ditudan lagun guztiekin.

Zortzi denboraldi egin dituzu Realean, baina ezustekoz iritsi zinen taldera.

Ez nuen espero. Añorgako azken urtean mendiko kirolak eta eskalada egiteko kurtso bat hasi nintzen prestatzen. Banekien futbolarekin ezingo nuela uztartu zeren eta kanpora denbora asko joan beharko nintzen. Eta dagoeneko erabakia nuen futboleko azken denboraldia izango zela. Baina lagunekin zerbait hartzen ari nintzela, Realeko Garbiñe Etxeberriak deitu zidan hurrengo denboraldian nirekin kontatzen zutela esanaz. Momentuan, pentsatu behar nuela esan nion. 

Futbola uztea erabakia nuen, baina trena behin bakarrik pasatzen da eta nire ametsa Realera iristea zen. Ikastolan nengoenean Zubietako zelaiak ikusi eta 'nik hor bukatu nahi dut' nuen buruan. Gurasoekin, familiarekin eta gertuko jendearekin barneak hustu eta baiezkoa ematea erabaki nuen. 

Momentu gogoangarriak bizi izan dituzu Realeko jokalari bezala, Erreginaren Kopa irabaztea izan da garrantzitsuena?

Nik beti esan dut, Erreginaren Kopa irabaztea oso garrantzitsua izan zen niretzat eta oso oroitzapen polita dut. Jokalarion helburu bakarra jokatzea eta jokatzen disfrutatzea da. Hori lortu nuen Erreginaren Kopako finalean. Gauza asko, faktore asko batu ziren; familia eta lagunak egon ziren... Beste oroitzapen pila bat ere baditut nabarmentzeko, baina hori da gogokoena.

Jendeak lehen neurketari buruz galdetzen dit, baina ez dut gogoan zein izan zen. Lehen gola bai, gogoratzen dut. Buruz jo nion eta gola egin nuen. 

Azpimarratzeko beste alderdia heziketa pertsonala izan da; irabazi edo ikasi ditudan gauza asko daude. Horri ere garrantzia handia ematen diot.

Iraia Iparragirre, Kopako Erregina irabazi ostean herrian egindako harreran.

Denboraldiko azken neurketan, Madrilen aurka jokatu zenuen eta ostean omenaldia egin zizuten. Nola bizi izan zenuen?

Omenaldi hunkigarria izan zen. Banekien zerbait prestatzen ari zirela. Ordu asko egiten ditugu elkarrekin eta batean entsegu bati buruz zerbait entzun nien taldekideei. Zer ariko ote ziren galdetu nion nire buruari, baina isilik geratu nintzen.

Neurketa ez zen bestelakoak bezala izan. Banekien azkenekoa izango zela eta inoiz baino urduriago jarri nintzen partidan sartzera nindoala. Nire buruari esaten nion hori ez zela posible: "Hamabost urte futbolean jokatzen eta orain inoiz baino urduriago jarri behar zara ez dakit zenbat minutu jokatzeko?" Emozio asko nahastu ziren momentu horretan. Baina eramaten uztea, nekiena egitea eta, batez ere, gozatzea erabaki nuen. Izan ere, belar horretan berriro ez bainuen jokatuko, taldekide horiek eta aurkari horiek ez bainituen gehiago izango… Eta sentsazio onekin amaitu nuen neurketa.

Omenaldiko momentuan, 'hainbeste gauza egin al ditut horrelako omenaldi puska egiteko?' galdetzen nion neure buruari. 

Nire ingurua ere oso zoragarria da. Esker onekoa ni, horrelako ingurua izateaz, horrelako zaleak ondoan izateaz, taldekideak… Realak eman didan guztiagatik oso eskertua nago.

Aldagelan giro ona jarri duen jokalaria izan zarelako izan daiteke.

Nire izateko era irekia da, ikusten da. Alaia naiz, ez naiz isilik egoten eta jai giroa gustuko dut. Belauneko lesiorengatik buru makur nintzen momentu horretan, taldeari nire onena ematen saiatu nintzen. Momentu horietan zelai barruan ezin zara egon, baina zure buruari galdetzen diozu: "zer eman diezaioket taldeari?" Norbait triste badago edo ez bada bere eguna, animo horiek, ondoan egote hori… nik hori dut gustuko egitea eta jasotzea.

Azkenean hainbeste ordu elkarrekin egiten dituzunean horrelako “txorakeriek” edo tontoarena egiteko momentuek asko egiten dute. Taldean 23 ginen. Baina beti dituzu kidetasun handiagoa dituzun taldekide batzuk. Errespetua dagoen bitartean eta hori aurrera eramateko gaitasuna dugun bitartean. Horrelako momentuak funtsezkoak dira.

Eta horrelako momentu batean sortu zuen "Goazen" oihua?

Oihuarena Erreginaren kopako kontua izan zen. Guk psikologoa genuen momentu horretan eta berak esan zigun neurketa horretarako zerbait sortu behar genuela; gure identitatearen parte dena, barrutik ateratzen dena eta barruak mugitzen dituena, batez ere, zelaian momentu zailak ditugunean. Paperetan hasi ginen idazten eta niri sua etorri zitzaidan burura. Niretzako suak esanahi handia du eta sua proposatu nuen. Hortik sortu zen garai bateko "Sua"ren kontua.

Gerora oihu bat sortu behar genuen. Bagenuen bat, bi, hiru, lau… baina bertan indarra zuen beste zerbait sartzea erabaki genuen; hasieran goazen bat. Nik egingo nuela esan nuen, nire ahotsarekin… sarri afoniko geratzen naiz. Betetzen gintuen zerbait zen eta jendearengan eragina zuena. Esatebaterako, Erreginaren Kopara gure medikua etorri zen, normalean ez da gurekin bidaietara etortzen, eta entzun ostean, “Jo! Iraia ze oihu!” esan zidan hunkituta.

Jendeak galdetzen dit ea goazen oihuak jarraituko duen, baina ez dakit. Jokalariei zerbait sentiarazten badie, zeren eta oihuak sentiarazi behar duela uste dut nik; barneak bete eta motibatzen duen zerbait izan behar du. Zerbait aldatu behar dela ikusten badute eta haiei zerbait polita eta barnea betetzen diena egiten badute, aurrera. Eta bere horretan jarraitzea nahi badute ere aurrera. Gainerako jokalariek esaten zuten “Iraia, zure ahotsa faltako da…”, eta nik guztiek zerbait dugula emateko erantzun diet eta hori ere polita izan daitekeela.

Familia eta kuadrilla aipatu dituzu lehen. Mugarri izan dira zuretzat.

Noski, dudarik ez. Eskerrak egon diren eta dauden. Azkenean politena zelaian ikusten da edo telebistan; baina motxila eta tristura hori guztia etxean askatzen da. Eta horrelako momentuetan familiak, lagunek… irekitzen zizkidaten begiak eta niretzat funtsezko izan dira.

Zure lesioa izan da horietako tristura momentuetako bat?

Lesioa bat duzunean eta badakizunean zer den, zein izango den osatzeko epea… primeran doa. Baina nire kasuan estropezuka bezala joan naiz. "Hau dela uste dugu", baina ez zen hori eta horrek prozesua luzatu zuen, gero berriro puskatu nuen orkatila... Eta horrelako egoera batean burua sendo izan behar duzu. Momentu txarretatik ere jakin behar da ateratzen.

Hori izan da futbola uztearen arrazoietako bat?

Lesioa dela eta, momentu asko izan ditut bakardadean hausnartzeko. Psikologikoki ez da erraza izan. Galdera asko egin nizkion nire buruari, begiak ireki eta bizitza futbola bakarrik ez zela esan behar izan nion nire buruari. Horren ondorioz, nuenaz gozatu, eta sentitzen nuenaren arabera, erabakia hartuko nuela adostu nuen.

Gabonen ostean, "aire berriak nahi dituzu eta beste talde batera joan edo zer?" hasi nintzen buruari galdezka. Baina bizitzak beste mila gauza dituela uste dut, futbolarekin bat ez datozenak eta horiek bizi nahi ditudala erabaki dut. Klubari helarazi nion erabakia eta ados agertu zen.

Ez daukat tristuratik; erabakia hartu dut eta lasai nago. Eta lasaitasun hori izatean, erabakia ona izan dela uste dut.

Emakumeen futbola asko aldatu da azken urteetan, besteak beste, profesionalizazioa eta lan hitzarmena lortu duzue.

Ez da gure belaunaldiak egin duen lana; emakumeen futbolari gutxieneko indarra eman zitzaionetik hasi zen hau guztia. Horregatik hire eskerrik handiena aurretik egin duten emakume guztiei. Haiek gabe guk ez genukeen hain erraz edukiko gure bidea.

Lan hitzarmenari esker, gure baldintzak nahiko onak izan dira. Realaren kasuari buruz ari naiz, badakit gure mailako talde asko oraindik tamalez prekarietatean eta gutxienekoan bizi direla. Lan hitzarmenak asko lagundu du, baina oraindik gauza asko dago egiteko.

Nik nire aldetik borrokatzeko neukana ahalik eta hobekien egiten saiatu naiz. Beti gauzak gehitzeko asmoz. Eta biharko egunean datozen gazteek, neskek, nik eduki nituen erraztasunak edo pauso txiki horiek izan dezaten saiatu naiz.

Aipatu dituzun gazte horien erreferente bilakatu zarete, gainera.

Gauzak asko aldatu dira. Ni lehen gardena nintzen. Inguruko jendeak bai, bazekien, baina listo.  Orain ezagutzen gaituzte; jendeak gure izena duen kamiseta du. Ez da horrek futbolean jokatzen du. Hori Iraia da, hori Amaiur da, hori Maddi Torre da… Horrek ere guri barnea betetzen digu, niri behintzat. Hasieran "hau futbol jokalaria da, hau Iraia da" esaten zutenean eta ni seinalatzen nindutenean, niregatik ote ari ziren galdetzen nion nire buruari; ez nengoen ohituta gauza horietara. Pixkanaka ohitu naiz. 

Gazteak guregana gerturatzeak ere indar handia eman digu. Horrek politago bihurtu du emakumeen futbola. Futbolaz gain beste bibrazio bat sortzen da eta poztekoa da hainbeste gazte hurbiltzea gu ikustera.  Eta eskertzen da.

Eta agurraren ostean, zer?

Orain erritmoa jaitsi nahiko nuke. Betebeharrik gabeko gauzak egin nahi ditut. Futbola jokatzean ezin nituen gauza batzuk egin; ezin nintzen mendira joan... Esnatu eta zer egingo dudan erabakitzea plazera da. 

Udara pasata nire lan mundua edo ikasketak bideratu nahiko nituzke. Proiektuak ditut buruan.