Eraso matxisten aurrean jarduteko udal protokoloa aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ekainaren 22a

Berdintasun Kontseiluak eta Lasarte-Oriako Udalak aurtengo sanpedrotan gerta daitezkeen eraso matxisten aurrean jarduteko udal protokoloa aurkeztu dute. Sudergintza Berdintasunerako, bakerako, aniztasunerako eta bizikidetzarako ikerketa eta gizarte ekintzarako kooperatiba feministarekin elkarlanean egin dute lanketa.

Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza agerraldiari hasiera emateko, eta balioan jarri du herriko jaietan gerta daitezkeen erasoen aurrean jarduteko protokoloa landu duten herriko eragileen parte hartzea. Nabarmendu du eraso matxisten eta LGTBI fobikoen aurkako borroka "guztion ardura" dela, eta horregatik, udaleko Berdintasun saila ere batzordearekin elkarlanean aritu dela azaldu du. Eraso matxisten kondena eta gaitzespena egiteaz gain, erasotzaileak kanporatzeko konpromisoa ere hartu dutela adierazi du , eta mezu garbi bat zabaldu: "Gure elkarbizitzan berdintasuna eta errespetua gailenduko diren eraso eta biolentziarik gabeko Lasarte-Oria nahi dugu". Protokolo dosierraren helburua zein den ere zehaztu du; ahalduntze narratibak sortzea; herritar guztiek eraso bat zer den identifikatu eta jakin ahal izateko erreminta bat sortzea izan da xedea".

Gainerako hizlariei hitza eman aurretik gaineratu du Berdintasun Batzodeak egindako lanketarekin "oso harro" dagoela, eta nabarmendu, aurrerapausoak ematen jarraitu behar dela. Eskaera bat eginez amaitu du: "Gai honekiko erabateko errespetua eskatzen diet herritarrei; hori egiteko asmorik ez duena ez dadila etorri, ez baita ongietorria izango". 

Beatriz Egizabal Berdintasun Kontseiluko kideetako batek (Oriarte Guraso Elkarteko ordezkaria) hartu du hitza gero, eta "oso pozik" agertu da aipatu kontseiluak egindako lanarekin. Azpimarratu du horrelako prozesu bat aurrera eraman den lehen aldia izan dela (ez baita Berdintasun Kontseilua egon orain arte), eta "oso interesgarria" izan dela. Nabarmendu du "berebiziko garrantzia" duela batzordeak protokoloa zuzentzea, batetik mugimendu feministan eskarmentu handia duen agente bat delako, eta horrekin batera, indarkeria matxistaz gehien dakiena ere badelako. Gogoan izan ditu kontseilu hori osatzen duten gainerako taldeak ere, horrek gailendu, horrek ahalbidetzen duela protokoloa eremu askotara iristea.

Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedoren txanda izan da gero. eta kontseiluan parte hartu duten eragile eta talde guztiei eskerrak emanaz hasi da hizketan. Pedagogian jarri du begirada berak ere, eta azaldu, helmugara iristeko ezinbestekoa dela indarrak batu eta elkarpuntuak topatzeko lan egitea. Esan du bide "malkartsua" geratzen den arren, lanean jarraitu behar dela. Eskerrak eman dizkie lanketarekin bat egin duten udaleko arlo ezberdinei, eta baita lankideei ere: "Ardura ariketa bat egin dute". Bere adierazpena amaitu aurretik, gogorarazi du norbanako eta kolektibo guztientzako lekua duen talde bat dela eta bertan parte hartzera deitu ditu: "Ezinbestekoa da horiek guztiak batzordera batu eta euren proposamenak egitea". 

Diseinatu duten protokoloa

Sudergintza Berdintasunerako, bakerako, aniztasunerako eta bizikidetzarako ikerketa eta gizarte ekintzarako kooperatiba feministako kide Zuriñe Rodriguezek eta udaleko Berdintasun teknikari Irati Olaetxeak eman dituzte protokoloaren xehetasunak. Horiek ere lanketaren alderdi pedagogikoari egin diote azpimarra nagusia, azalduz, begirada horri esker identifikatu dela eraso matxista bat zer den. Dosierra izendatzeko aukeratu duten leloaz ere hitz egin dute gero; hau da: Jaiak gureak dira. Eta eraso bat gertatuz gero, zer egin behar den ere argitu dute ostean. 

Tabernetan gerta daitezkeen erasoak hartu dituzte adibide gisa, eta azpimarratu, horiek nozitzen ari den emakumeari* kasu egitea dela eman beharreko lehen urratsa; hura lagundu eta izan ditzakeen beharrak errespetatu behar direla. Kontatzen duena zalantzan ez jartzea ere ezinbestekoa dela biltzen du protokoloak, eta gertatutakoaren aurrean, zer behar duen eta konfiantzazko norbaiti deitzea nahi duen galdetzea lirateke jarraitu beharreko hurrengo pausoak. Hala, gaineratu dute erasotzaileari argi utzi behar zaiola eraso matxista bat egin duela, eta tabernatik  joateko eskatu behar zaiola. Lekua uzten ez badu, eta emakumeak* ala nahi izanez gero, tabernariarengana jo behar da; egoera azaldu eta eraso bat gertatu dela ikustarazteko argiak piztu eta musika itzaltzeko eskatuko zaio. Erasotua leku lasai batera eramatea proposatzen du protokoloak gero. Horri dagokionez, eta berrikuntza gisa, jakinarazi dute udaletxean horretarako "gela goxo bat" egokituko dela, eta nahi izanez gero, emakumeak* hala nahi izanez gero, konfiantzazko edo mugimendu feministako kideren batekin egoteko eskubidea izango duela. Lekua isilpean mantenduko da, konfidentzialtasunagatik. 

Laguntza eskatzeko zenbait telefono zenbaki ere jarri dituzte herritarren eskura; hauek dira: SOS Deiak (112); Lasarte-Oriako udaltzaingoa (943- 36 24 42, 24 orduz) eta Eusko Jaurlaritzako Biktimari Arreta Zerbitzua (900- 84 01 11). 

Azaldu dute baita ere protokoloa martxan jartzea erabakitzen den momentuan udalak zein pauso jarraituko dituen. Alde batetik, alkateak bozeramaileen batzordea deituko du, eta bertan, erasoa gaitzesteko eta erasotuari babesa emateko adierazpen instituzional bat onartuko lukete. Bestalde, erasoa gaitzetsi eta biktimari babesa erakusteko elkarretaratze deialdia ere egingo da. 

Komertzianteen parte hartzea ere bai

Herriko komertzioak ere modu "proaktibo" batean erakutsiko dute euren establezimenduetan ez direla eraso matxistak onartuko. Horretarako, lanketaren parte izateaz gain, euren establezimenduetan gisa horretako jarrerak onartuko ez direla erakutsiko duten kartelak jarriko dituzte euren erakusleihoetan. 

Jaien ostean, ebaluaketa

San Pedro Jaiak pasa ostean, ebaluazio bat egingo dutela ere jakinarazi dute. Horrela ikusi aal izango dute protokoloa nola artikulatu den, martxan jarri behar izan den edo ez eta hartutako konpromisoak egikaritu ahal izan diren edo ez.