Atletek domina eta marka berriak eskuratu dituzte Euskadiko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ekainaren 21a

Naroa Furundarena, Gipuzkoak txapelketan lehian. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Gasteizen jokatu da maila absolutuko Euskadiko txapelketa hilaren 17an eta 18an. Lasarte-Oriako ordezkaritza izan da bertan lehian. Finalak lehiatu, lehen hamarren artean sailkatu, markak ondu eta domina bat ere ekarri dute herrira atletek, urrezkoa

Naroa Furundarenak jantzi du Euskadiko txapela jauzi hirukoitzeko proban. Saioan nagusi izan zen herritarra. Lehen saiakeran egindako 12,67 markarekin lortu zuen garaipena atletak.

Nabarmentzekoak dira talde urdin-beltzeko kideek jaurtiketa probetan lortutako markak ere.

Aiala Ramosek seigarren postua eskuratu zuen xabalina jaurtiketa proban 30,22 metroko jaurtiketarekin eta bere marka ondu zuen.

Oihana Igarrizek ere postu berean amaitu zuen disko jaurtiketa proba. Igarriz 34,69 metrora iritsi zen eta bere marka pertsonala berritu zuen.

Jauzi probetara itzuliz. Enara Gonzalez ere seigarren (5,26 m.) izan zen luzera jauzi proban. Eta Alex Alkainek (5,94 m.) eta Oinatz Almagrok (12,17 m.) markak egin zituzten luzera jauzi eta jauzi hirukoitzean, hurrenez hurren.

Lasterketa probetan, izan ziren gainerako herritarrak. 5.000 metroko lasterketako bosgarren postuan amaitu zuen Aloña Mendiko Presak  (15.31,08) eta Real Sociedad taldeko Yeray Varelak 100 metroko lasterketarako finaleko txartela lortu arren, ezin izan zuen azken saio horretan parte hartu.

Galizian ere primeran

Galiziako txapelketan Maider Rekondok disko jaurtiketa proban parte hartu zuen eta lehen postuetan izan zen. Galiziarra ez denez, herritarrak ezin izan zuen finala jokatu, ezta domina jantzi ere. Hala ere, 38,51 metrora iritsi zen eta probako hirugarren markarik onena egin zuen.