Ostegunean eratuko dituzte uztaileko hauteskunde orokorretarako mahaiak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ekainaren 20a

Joan den maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetako mahai bat, Sasoeta-Zumaburu ikastetxekoa.

Uztailaren 23an izango dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, igandearekin. Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du ezohiko bilera bat egingo duela ostegunean, 09:30ean, udalbatza aretoan, boz horietarako mahaiak zozketa bidez eratzeko. Programa informatiko bat erabili ohi dute horretarako.

Lasarteoriatar bat baino gehiago oporretan egongo da ziur asko data horretan. Hainbat hedabidek azken egunetan argitaratutakoaren arabera, bidaia bat maiatzaren 30a baino lehen erosi duen herritarrek aukera izango dute hauteskunde mahaietara ez joateko, betiere kalte ekonomiko bat eragiten badie. Presidente edo bokal gisa jardutera deitua izanez gero, bizilagun horiek bidaiari buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Bestalde, hauteskunde kanpaina uztailaren 7an hasiko da, ostiralez, 00:00etan. Bi aste geroago bukatuko da, 21ean, ordu berean.

Lasarte-Oriako hauteskunde mahaiak eratzeko ezohiko saioa esteka honetan jarraitu ahalko dute lasarteoriatarrek.