Cadena Dial irratiaren musika jaialdia hartuko du Andatza plaza igandean, hilak 25, eta jarduera horren xehetasunak eman ditu gaur goizean Lasarte-Oriako Udalak eta Cadena Dial-eko ordezkariek. Iragarri dute emanaldiak 21:30ean hasiko direla, eta bi ordu eta erdiko emanaldia osatuko dutela denen artean.
Iazko aizan zen lehen esperientzia, hortaz, bigarren aldia izango du aipatu jaialdiak aurtengoa. Eguraldiari begira jarri dira denak. Gogoratu dute iaz sekulako euri jasa bota zuen arren ekimenarekin aurrera egitearen aldeko apustua egin zutela. Aurten, berriz, eguraldi eguzkitsua espero dute.
Nabarmendu dute musika ibilbide sendoa duten artistak, eta hasi berriak direnak entzuteko aitzakia ederra dela Dial al Sol egitasmoa, eta gaineratu, sanpedroetarako motorrak berotzeko ere aitzakia bikaina dela.
Mari Jose Aranguren Cadena Dialeko ordezkariak eskerrak eman dizkio udalari beste urtebetez ekimena Lasarte-Oriara ekartzeko egindako apustuagatik, eta kontatu du musika emanaldi hutsak baino gehiago izango direla: "Erabat zabaltzen den trailer bat oholtza bihurtuko da, eta musikaz gain, argiztapena ere garrantzitsua izango da".
Hauek dira Andatza plazan arituko diren musikariak: Lorena Gomez, Gonzalo Hermida, Polo Nandez, Huecco, Farga, Hilario, Lagarto Amarillo, G Face, Nerea Rodriguez, Lorreine.
Tren zerbitzu bereziak
Dial al Sol jaialditik bueltatzeko zenbait zerbitzu berezi jarriko ditu Euskotrenek, hala jakinarazi du udalak, nahiz eta zabalkunde hori zein ordutik zein ordutara izango den ez duen zehaztu.