Xumela koruak ikasturteko azken saioa egin du

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ekainaren 20a

Astelehenero bezala, Oriarte Landaberri institutuan elkartu dira Xumela koruko lagunak, giro ederrean abestu eta euskara hauspotzen jarraitzeko. Kurtsoko azken saioa izanagatik, ez dira geldirik egongo, hastear diren sanpedroetan kantu eta dantza jira egingo duelako Oaintxe in deu! txarangarekin batera. Horrez gain, Sorgin Jaiak-ek aurrera eramango duen Bizipozaren Akelarrea ekimenean ere parte hartuko du.

Aurtengo kurtsoko entseguak amaitu ditu Xumelak. Oriarte Landaberri eraikineko musika gelan bildu eta hurrengo asteetako emanaldiak prestatu dituzte. Oaintxe in deu! txarangako kideak ere bertaratu dira, elkarrekin kantu eta dantza jira egingo dutelako sanpedroetan, hilaren 29an, 11:30etik aurrera. Hamaiketakoa egingo dute aurretik, Sagardotegi kaletik abiatu, erdigunea zeharkatu eta Okendo plazara iristeko ordu eta erdi barru, 13:00etan.

Enparantza horretan zain izango dituzte Sorgin Jaiak-eko sorginak eta baita Bizipoza elkarteko lagunak ere, Bizipozaren Akelarrea ekimenean parte hartzeko. Porrotx eta Marimotots pailazoek ere parte hartuko dute, eta bertaratzen diren haur eta familiei eragile horrek egiten duen lana azalduko diete. Horrez gain, harri batzuetan Bizipozaren esanahia margotzeko aukera izango dute partaideek. Musikaz lagunduta, Euskararen 10. Maratoialdian landatu zituzten bi zuhaitzen albora joan eta harriak han utziko dituzte. Abesti batzuk kantatu eta Okendora itzuliko dira, azken abestia bertan abestu eta jarduerari amaiera emateko.

Karmengo jaiak

Sanpedroetako emanaldi horiez gain, Xumelako kideek jakinarazi dute Oria auzoko Karmengo jaietan parte hartuko dutela uztailaren 16an, igandearekin. Kantu eta dantza jira bat egingo dute bertan, eguerdian.