Hitzarmen "bermedun" bat lortzeko borrokatzeari utziko ez diotela berretsi dute Michelin Lasarteko langileek

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 19a, 20:47

Bi asteren ostean, lantokia hustu eta kaleak bete dituzte berriro Michelin Lasarteko beharginek, fabrika osoan greba eginda. Enpresa batzordeko kide diren sindikatuen arabera, ekoizpena erabat geratu dute bigarren lanuzte osoan, aurrenekoan egin bezala. Zuzendaritzari argi adierazi diote borrokan eta negoziatzen jarraitzeko prest daudela.

Komitearen eskaerei entzungor egiten jarraitzen duenez zuzendaritzak, langileek grebak eta mobilizazioak aurrera eraman dituzte azken egunotan. Gaurkoak izan dira azpimarragarrienak, arratsaldeko manifestazioa batez ere: duela bi aste bezalatsu, lantoki ataritik atera, erdigunea zeharkatu eta irten diren tokira itzuli dira, bidean gogotik protesta eginda. Michelin borrokan! Por un convenio con garantía (Michelin borrokan! Hitzarmen bermedun baten alde) irakur zitekeen afixaren atzean jarri dira ehunka behargin. Txilibitu, petardo eta beste lelodun kartel batzuk eraman dituzte, Michelinen kolore urdin-horiak dituen kamisetez gain.

Enpresa batzordean ordezkaritza duten sindikatuek (LAB, ELA, CCOO, UGT eta CSI) nabarmendu dutenez, "erabat" geratu dute lantokiko ekoizpena, greba deialdiak %100eko jarraipena izan duelako, bi aste bezala. Hori dela-eta, komiteko kideek zoriondu egin dituzte langileak, manifestazioaren amaieran irakurri duten komunikatuan. Horrez gain, azpimarratu dute Michelin Lasarteko beharginekiko "errespetu falta izugarria" dela zuzendaritzak azken egunetan egin duena: "Enpresa batzordeko ordezkariekin esertzeari uko egin dio grebaren aurretik, Espainiar Estatuko gainerako lantegiekin negoziazioak aurrera eraman eta eskaintzak egin bitartean". Hori horrela izanik ere, helburua "garbi" dutela berretsi dute, hitzarmen kolektibo "bermedun" baten alde borrokan jarraitzea.

Horren baitan, hau da komiteak eskatzen duena:

  • Soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea.
  • Galduriko erosahalmena estaliko dituzten soldata igoerak.
  • Plataformak Hileko Ordainketa Sistemari buruz jasotakoari eta bereziki, gutxieneko diru sarrera soldatari erreparatzea.