Urduri eta hunkituta aurkeztu dute euren taldea eta dokumentala bera, "gure lan kuttuna". Hiru belaunalditako dozena bat emakume elkarrizketatu dituzte, beraien bizitza kontatu eta Lasarte garai batean nolakoa zen azaltzeko. Ekarpen horiek, zumearekin bezala, ehundu egin dituzte sortzaileek, herriaren historia osatuz. Eskerrak eman dizkiete guztiei parte hartu izanagatik, oraindik kontatu gabe dauden hamaika historiak jasotzeko nahia ere adieraziz.
Lana aurkeztu ondoren, kosta egin zaio proiekzioari hastea, eta horrek umore pixka batekin apurtu du sortutako une hunkigarria. Pantaila beltzean agertzen joan diren irudiek eta ahotsek berreskuratu dute giroa. Gaur ikusi ezin izan dutenek ostegunean dute aukera berri bat. Antonio Mercero gunean izango da 18:00etan, eta ondoren, tertuliatxoa egingo dute.