Motorzaleek hitzordu saihetsezina izan dute asteburuan. Ostiralen iritsi ziren lehen scooter gidariak eta haiei harrera egin zieten antolatzaileek. Afari merienda egin ondoren, motorretara igo, eta erdigunean barrena ibili ziren. Ondoren, Buenetxea tabernan Zamo eta Zorromono Becario DJen erritmora amaitu zuten gaua.
Asko edo gutxi luzatu baziren ere, gaurko egitarauari ez diote hutsik egin. Okendo plaza motorrez betetzen joan da 10:00etatik aurrera. Eguerdiaren bueltan, txalaparta soinuekin harrera egin diete Tiburtzio Artizar taberna aurrealdean, eta hamaiketakorako sagardoa eta pintxoak eman dizkiete. Herritarrak ere bertaratzen joan dira, motor politen artean ibili eta argazkiak egin dituzte.
Scooter Run ibilbideari ekiteko ordua heldu denean, minutu bateko isilunea egin dute hildako kide baten omenez. Txaloen ondoren, eskularruak, kaskoak, betaurrekoak eta beharrezkoak jantzi, eta Askatasuna parkerantz irten dira, ke lainotxo bat eratuz. Hainbat herritar zeuden errepide ertzeko bi espaloietan irteera ikusteko, eta agindua jasotzean, abiatu dira partaideak. Hernaniko Jauregi jatetxean bazkaltzekoak ziren, herrira bueltatu aurretik. Goizean gogoz gelditu direnek motorrak ikusteko aukera berri bat izango dute arratsaldean Andapa kalean, eta bezperan bezala, Buenetxean musikaz gozatuko dute gauean.
Igandea izango da rallyko azken eguna. Lasarteko Zirkuitua gogoratuko dute eguerditik aurrera ibilbide hori osatuta. Eta amaitzeko, nola ez, bermuta eta bazkaria egingo dituzte Arkupe tabernan.