Racing de Santander taldeak irabazi du VI. Jose Martija Txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 18a, 19:30

Hamabi futbol taldeetako alebinek Jose Martija VI. Futbol Txapelketa jokatu dute larunbatean zehar Michelin Kirol Gunean. Iaz bezala, Racing de Santander izan da nagusi, finalean Realari irabazita. Texas Lasartearra laugarren izan da, kontsolazio finala galdu baitu Martuteneren aurka. Gorka Brit jokalari ohia omendu dute txapelketa hasi aurretik.

Futbola izan da nagusi goizetik arratsaldera Michelinen. Lehen bi partidak hasi baino ordu erdi lehenago azken prestaketekin zebiltzan antolatzaileak eta jada bertan ziren zenbait ikusle ere. Bitan banatutako zelaian ariko ziren lehen lau taldeak beroketa ariketak egiten ari zirela, Gorka Brit jokalari ohiari omenaldia egin diote, bere ibilbidea aintzatesteko. Hura laburbiltzen zuen bideo bat ikusi dute, eta amaitzean, bi taldetako jokalariek osatutako bide artetik pasatu da eta Martijaren alargun Nieves Lopezek txapela jantzi dio. 

Alebinen lehen mailako hamabi talde lehiatu dira: Lasarte-Oriako Ostadar SKT eta Texas Lasartearra, Añorga, Antiguoko, Real Union, Vasconia, Martutene, Euskaldunak, Kostkas, Real Sociedad, Eibar eta Racing de Santander. Hiru multzotan banatu eta ligaxka jokatu dute txapelketaren lehen zatian. Amaitzean, emaitzen arabera, bakoitzeko lehenengo biak eta bi hirugarren onenak Champios Leaguera sailkatu dira, hirugarren txarrena eta laugarren gelditutakoak, berriz, UEFAra.

Bazkaltzeko etenaren ondoren, bigarren zatiari ekin diote kanporaketak eta bi finalak jokatuz. Goizean zehar beroa nagusi izan bada, arratsaldeko ekaitzak pixka bat aztoratu ditu antolatzaileen asmoak eta ordutegian atzerapena eragin du. Hala, sari banaketa atari zabalean egin beharrean, pilotalekuan egin dute. Talde guztiek jaso dute domina, askaritarako zerbait eta kopa. Azken horiek banatu dituenetako bat Realeko atezain ohi Luis Arconada izan da, sari nagusia Nieves Lopezek eman badu ere. Racing de Santanderreko jokalariei izan da, hain zuzen ere, Champios League delakoaren irabazlea. UEFAkoan, berriz, Martutene izan da nagusi, Texas Lasartearra herriko taldea garaitu baitu finalean.