Garazi Gomez: "Gimnastika erritmikoa asko aldatu da"

Nerea Eizagirre 2023ko ekainaren 16a

Garazi Gomez, mazoekin lanean.

Donostiarra den arren lotura handia du Garazi Gomez (Donostia, 1993) gimnastak gure herriarekin. 6 urterekin hasi zen kirol jarduera horretan Ekintza ikastolan eta zortzi urterekin, Maite Ruedak gomendatuta, Lasarte-Oria Kirol Elkartean (LOKE) entrenatzen hasi zen. Denboraldi amaieran lehiaketari agur esango dio eta entrenatzaile lanetan jarriko du arreta. Urte hauetan izan dituen entrenatzaileei –Maite Rueda, Cristina eta Amaia Calvo– eskertua dago Gomez, kirolaz gozatzen irakatsi diotelako

Zergatik hasi zinen gimnastika egiten? 

Ikastolan kirol aukera zabala genuen: futbola, saskibaloia, hockeya...Eskola Kirolan izena eman nuen eta horien artean gimnastika erritmikoa zegoen. Nik dantza egitea gustuko dut. Artea eta antzerkia. Nahasketa bat da kirol hau, eta, horregatik, gimnastika egitea erabaki nuen. Maite Rueda LOKEko prestatzailea zen nire entrenatzailea ikastolan. Lasarte-Oriara entrenatzera etortzeko esan zidan, eta gaur egunera arte.

Zein gimnasta miresten duzu genien?

Anna Besonnova. Zangokada ikaragarria zuen. Gimnastika erritmikoa asko aldatu da. Orduan jauziak eta espresibitatea zen; gaur egun tresnak dira garrantzitsuena. Ez da gimnastika perfektua edo lirikoa egiten; tresnekin azkarragoak dira. Nik Ukrainiako eskola gustuko dut . Hankak luzeak eta asko irekitzen dituzten gimnastak.

Gimnastika erritmikoan tresna ezberdinak erabiltzen dituzue lanak egiteko. Zein duzu gustukoen?

Nire gustuko tresna mazoak dira, baina aurten zinta eta pilotarekin lan izan behar dugu. Hala ere, horiek ere gustuko ditut.

Eta zein da zure ustez zailena?

Aurten zinta izan da zailena. Marrazkiak egiteko besoa eta eskua modu batera jarri behar zenituen eta gainera birak eman.

Aurreko araudiekin mazoak izan dira. Eta horregatik ere gustuko ditut. Lantzeko beti duzu zerbait.

24 urtetan maila ezberdinetako Gipuzkoako zein Euskadiko txapeldun izan zara eta podiumera igo zara behin baino gehiagotan. Zein izan da zuretzat garaipenik bereziena?

Unibertsitatera joan baino lehen,  bakarkako lanean Gipuzkoako txapeldun izan nintzen eta senior taldeak ere garaipena lortu zuen. Oso berezia izan zen.

Zenbat entrenamendu saio egiten dituzue maila horretara iristeko?

Unibertsitatea baino lehen astean hiru saio egiten nituen. Unibertsitatean bi egunetan entrenatzeko baimena eman zidaten eta gaur egun, saio bakarra egiten dut. 

Unibertsitatea aipatu duzu, ikasketak eta kirol jarduera uztartu dituzu. Nola joan da?

Ondo joan da. Txikitatik egin dudan gauza izan denez, normaltasunez eraman dut. Diziplina bat nuen, eta, egunaren arabera, entrenamenduak baino lehen ikasi edo ostean.

Baina egia da unibertsitatera Salamancara joan nintzenean urtebete egin nuela gimnastika egin gabe. Gogorra izan zen, nik jarraitu nahi nuelako. Horregatik unibertsitateari eskaera egin nion kiroldegian entrenatu ahal izateko. Eta baiezkoa eman zidaten.

Beraz, hilabetean behin nentorren eta Maite eta Amaia Calvo entrenatzaileekin batera guztia muntatzen genuen eta han entrenatzen nuen bakarrik. Horrela hiru urtez egon ginen.

Kirol hau egiten min hartu al duzu noizbait?

Zortea izan dut, bitan min hartu dut bakarrik eta gauza txikiak izan dira. DBHn, entrenamendu batean hatz txikia okertu nuen. Etxera hatz potolo-potoloarekin iritsi nintzen eta erakustaldia galdu nuen. Eta Batxilergoan nintzela, orkatila bihurritu nuen, bigarren gradukoa zaintiratua. Eta hilabete bat edo hilabete eta erdi egon nintzen geldi. 

Kirolari izateaz gain, entrenatzaile lanak ere egiten dituzu. Noiz hasi zinen?

Txikitatik hasi nintzen. Ikastolan ni baino zaharragoak ziren kirolariekin laguntzen nion Maiteri. Gauzak nola zuzentzen zituen ikusten nuen eta pixkanaka ikasten joan nintzen. 15 urterekin ordezkapenak egiten  hasi nintzen eta hortik aurrera, ikastaroak egin nituen entrenatzaile modura lan egin ahal izateko.

Bakarka lehiatzea edo taldean, nola egiten da aukeraketa?

Entrenatzaileak erabakitzen du nor egiten duen bakarkako lana eta nork taldekoa. Nire kasuan, nire adineko jenderik ez zegoen taldean momentu horretan; lau ginen bakarrik. Bi bikote egin zituzten eta lehen txapelketan lan ona egin genuen. Sailkapen orokorrean hirugarren geratu ginen eta ni laugarren izan nintzen soka lanean.

Garazi Gomez, erakustaldian uztaiarekin lanean. Arg.: G. Gomez.

Zenbat denbora behar duzue koreografia bat prestatzeko?

Udan hasten gara musikak pentsatzen. Guk moldatu eta egin behar ditugu. Jubenil mailako lanean esate baterako bost doinu ezberdin daude musika pieza batean. Beraz, musika bilatu eta hiru edo lau ordu dira pieza bat egiteko. Gero dantzarekin hasten gara. Araudian dauden elementuak musikan txertatzen ditugu eta azkenik nota gehitzen dituzten elementuak pentsatzen ditugu. Hilabeteko lana izan daiteke.

Elementuen edo efektuen inspirazioa maila goreneko gimnastetatik hartzen al dituzue?

Orekak, arriskuko mugimenduak edo tresnekin egiten ditugun mugimendu espezifikoak nazioarteko gimnastetatik hartzen ditugu eta gure gimnastetara moldatzen ditugu.

Efektuen kasuan ez da horrela. Beno, nire kasuan ez behintzat. Nazioarteko mailako kirolariek ez dituzte hainbeste efektu egiten edo ezin ditugu aurrera eraman. Eta orduan musikaren araberako mugimenduak egiten ditugu edo soinu efektuak sartzen ditugu. Hau da, txikien musikan tronpeta bat sartu nuen musikan eta haiek dantzan tronpeta jotzeko. Jubenil mailan, nik dantzaren ideia eman nien eta haiek trintxera bat irudikatu ahal zela aipatu zidaten. Ostean, soinu efektuak gehitu genituen.

Eta gero, nola prestatzen dituzue lanak gimnastekin?

Pixkanaka dantza muntatzen dugu eta bitartean moldaketak egiten ditugu. Dantzekin azaro aldera hasten gara. Urtarrila amaieran edo otsaila hasieran txapelketak hasten dira. Beraz, hiru hilabete ditugu guztia prestatzeko.

Salamancan nintzenean aipatu bezala, guztia asteburu batean muntatzen genuen eta gero bideoak bidaltzen nizkien eta etxean nengoenean, saloian ere gauzak aldatzen nituen. Bideoekin denbora guztian.

Eta taldea edo adinaren arabera lan egiteko modua aldatuko da.

Bai, horrela da. Txikiekin guztia zuk pentsatu eta azaldu behar diezu.

Handiekin ezberdina da. Eta aurtengo arau aldaketarekin jubenilekin pila disfrutatu dut. Haiek ere sorkuntzan parte hartu dute. Esan bezala, ideia eman nien eta entrenamendu saioetara etortzen ziren euren proposamenak emanez eta gero dantzara moldatzen genituen.

Nola egiten duzue tresnak lantzeko?

Benjaminak LH3 eta LH4 topaketak  egiten dituzte. LH5 eta LH6 urteetan txapelketekin hasten dira. Bakarka edo taldean lehaitzen baduzu ezberdina da. Taldeek tresna bat izaten dute denboraldi osoan eta bakarkako lanean bi daude. Otsailean batekin lehiatzen zara eta martxoan bestearekin. Beraz, irailean tresnekin hasten gara lanean. Azaroan lehen saiokoan zentratzen gara eta lehiaketa ostean, hilabete bat dugu bestearekin lan egiteko.

Eta akrobaziak, noiz txertatzen dituzue?

Pixkanaka goaz gauzak probatzen. Lehenik akrobazia bat egiten duzu eta hori menperatzen bigarrenarekin hasten gara. Normalean posible den edo ez ikusten duzu entrenamenduetan. Agian otsaileko proban ezin duzu aurkeztu, baina maiatzeko finalean erakusten duzu.

Dantza edo gorputz adierazpena  ere kontuan izaten da. Lan espezifikorik egiten al duzue?

Batzuetan lantzen dugu. Baina ez dugu denbora askorik horretan jarduteko. Urteak igaro ahala gimnasten trebetasunak ikusten ditugu eta horren arabera abesti mota bat edo beste jartzen diegu. Zortzi segundoko bi pasarte erritmiko edo dantza pauso egin behar dituzte eta taldeetan, batez ere,  behin eta berriro landu behar ditugu. Nire ustez tresnekin hobeto moldatzen dira pauso horiekin baino. Egia da guztiek batera berdina egin behar dutela eta hori kosta egiten dela.

Aipatutako elementu guztiak kontuan dituzte epaileek, baina nola zehazki?

Olinpiar Jokoen ostean, araudi berria jakinarazten dute. 200 bat orrialdeetako txostena da eta horretara moldatu behar dira gimnasten lanak. Ni txikia nintzenean, esate baterako, hitzik gabeko doinuak erabiltzen genituen lanak egiteko. Tresnen erabilera ere asko aldatu da urte hauetan guztietan.

Lehieketetan zortzi epaile daude eta lau gauza dituzte kontuan. Bik birak eta orekako mugimenduak ongi daudela ziurtatzen dute. Beste bik tresnekin egindako jarduna gainbegiratzen dute. Beste bik zuzentasuna dute kontuan, hau da, tapizetik ateratzen zaren, tresna hartzeko pausa bat gehiago eman behar duzun. Azken biek alde artistikoa aztertzen dute eta hor sartzen da subjektibitatea.

Aurten efektuak edo harritzeko moduko pauso edo mugimendu bat txertatu behar genituen dantzetan. Musikarekin joan behar da eta gorputzarekin egin behar genuen. Eta horrekin zalantzak genituen. Niretzat harritzeko modukoa den mugimendua epailearentzako ere izango da? Antzemango ote du?

Eta txapelketa iristera arte gainera ez dakizu araudia ongi ulertu duzun. Urtarrilean barneko kontrol bat egin genuen dantzak ongi zeuden ikusteko. Baina hori gure irakurketaren arabera zen. Otsailean lehiara iristean epaileek nola puntuatzen zuten ikusi genuen; gure zorionerako gauzak ongi ulertu genituen.

Zer da zailagoa, kirolari izatea edo entrenatzaile izatea?

Bi kontu ezberdin dira. Entrenatzaile lana polita eta gogorra da. Zuk dohain batzuk ikusten dizkiozu pertsona bati eta mugimendu bat egiteko gai dela uste duzu. Egitera iristen bada, zoragarria da. Baina ez bada iristen frustrazio puntu bat duzu, gauzak moldatu behar dituzu...eta zure lana tapizean ikustea zirraragarria da.

Kirolari bezala, nik, esate baterako, asko gozatzen dut egiten dudanarekin; entrenatzerakoan, gauzak probatzerakoan, ikasterakoan...Ez naiz 'hau dakit eta listo'-arekin konformatzen, gauza gehiago ikasi nahi ditut.  

Aurten denboraldi ederra izan duzue eta gimnasta asko podiumean izan dira. Ongi lan egin duzuenaren seinale izan da, ezta?

Ez dut gogoratzen horrelako urterik. Guztiak egon dira faseetan edo finalean podiumean eta lehen postuetatik gertu. Pozarren gaude. Araudi berria ongi ulertu dugunaren seinale izan da.

Gainera, gero eta gimnasta eta talde gehiago dituzue, nola moldatzen zarete?

Bai, egia da. Kiroldegian eta Michelingo pilotalekuan ari gara lanean eta ordu gehiago ere eskatzen ari gara. Tapiz bakarra dugu kiroldegian eta kantxa beste kirolekin partekatu behar dugu batzuetan. Ez daukagu leku espezifikorik eta daukagunera moldatzen gara. Talde asko sartzen ditugu ordu berean eta zaila da lana aurrera eramatea. Lan espezifikoa egin behar duzu eta akatsak konpondu behar dituzu. 

Denboraldi amaieran lehiatzeari utziko diozu. Zein izan da arrazoia?

Faktore ezberdinak daude nire erabakirako. Entrenatzaile modura erantzukizun gehiago hartuko ditut Maitek eskatuta. 

Bestetik, heldua naiz eta astean entrenamendu saio batekin, ezin dut nik nahiko nukeen maila eman txapelketetan. Pentsatua nuen 30 urtetara arte iristea, bukaera biribila izateko.

Ez da ohikoa 30 urteko gimnasta bat lehian ikustea, ezta?

Normalean, 18 eta 25 urte bitartean uzten diote kirolariek gimnastika egiteari, Unibertsitatean edo Goi Mailako ikasketak egin behar dituztenean.

Nazioarte mailan, aurten 29 urte dituen Ekaterina Vedeneeva lehiatu da. Gainerakoak gazteagoak dira. Almudena Cid ere 28 urtera arte ibili zen, baina ez da ohikoa.