Intzako pilotariak Lau eta erdiko txapelketatik kanpo geratu dira

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ekainaren 15a

Haritza Diaz de Gereñu, lehiaketako neurketa batean.

Intza Kirol elkarteko jubenilak banakako Lau eta erdiko txapelketatik kanpo geratu dira eta lehia federatuko denboraldiari amaiera eman diote

Haritza Diaz de Gereñuk hilaren 3an Oiarpeko Lasaren aurka jokatu zuen Loidibarren pilotalekuan. 

Neurketako lehen minutuetan ederki jardun zen herritarra.Aurkariak pilota aldatzean, ordea, zailtasunak izan zituen Diaz de Gereñuk jokora moldatzeko eta oiartzuarra 12-22 nagusitu zen 

Peru Urdanpilletak, aldiz, txapelketa nagusiko final laurdenetan jokatu behar zuen hilaren 10ean. Alabaina, arazo fisikoak direla eta, lehiaketa uztea erabaki du. "Pena bat da, txapelketa ona egiten ari zen", adierazi du Intzako arduradun Jose Felix Solanok.

Bestalde, Beñat Olazabalek Ekialdeko txapelketako kanporaketa izan zuen hilaren 9an. 

Behar Zanako Arruti izan zuen aurrez aurre Villabonako Amasa pilotalekuan eta 22-12 gailendu zen etxeko pilotaria.