Lasarteko Saria berdintasunean oinarritutako lehiaketa izan da aurten

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 14a, 15:45

Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan hitzordu ederra izan zen hilaren 10ean; Lasarteko 32. Saria jokatu zen. Dominak, oroigarriak, omenaldiak eta batez ere berdintasuna izan ziren nagusi. Izan ere, Pertsonen saria izan baita kirol jarduera

Aurten Lasarteko Sarian ez da inongo bereizketarik egon, neska eta mutilek elkarrekin egin dute lehia eta igeriketa egokitutako kideak ere barne hartu dituzte. Eta sailkapenak egiterakoan FINA eta Multidisability taulak kontuan izan zituzten Buruntzaldea IKTko antolatzaileek. 

Etxeko igeriketa taldeko kideez gain, Zarautz Balea IK, Hernani KE, AD Gaude KE, Konporta eta Amaya CD igerilariak izan ziren uretan lehian.

Maila ezberdinak

Goizean A eta B kategoriako kanporaketak jokatu ziren eta gazteenen sari banaketa ere izan zen.

Arratsaldean, 2011. urtean eta ondoren jaiotakoen probak zein aurre-benjaminen erakustaldia izan ziren, baita finalak eta sari banaketak ere. 

Maila ezberdinetako probak tartekatuz joan ziren antolatzaileak. "Txikienek taldeko igerilari helduenak ikusteko aukera izan zuten. Haientzat erakargarria izateaz gain, ikasteko aukera handi bat ere izan zen", adierazi dute antolatzaileek.
Ohitura den moduan Australiana probak biribildu behar zuen jarduera. Arazo teknikoak medio, ezin izan zen egin.

Bost saritu

Emaitzei dagokionez, Buruntzaldea IKTko arduradunak pozarren daude. Igeriketa taldeko kideek marka pertsonal ugari ondu zituzten, finaletan egon ziren eta domina ugari ere jantzi zituzten. Azken sailkapenean ere lau kide izan ziren lehen bosten artean. 

Sari Nagusia Nahia Zudairek eraman zuen eta taldeko Garazi Etxeberria, Miren Sarobe eta June Lopez lagun izan zituen. Zarautz Balea IK taldeko Gaizka Rodriguezek podiuma osatu zuen.

Horrez gain, lehiaketa ezberdinetarako gutxieneko markak egin zituzten eta aipagarriena 50 m. librean Iñaki Garciak lortutako Espainiako txapelketarako giltza da.

Zudaireri omenaldia

Probako sari gorena ez zen Zudairek eraman zuen oroigarri bakarra izan. Arratsaldeko saio hasi baino lehen, omenaldi modura, plaka bat eman eta agurra dantzatu baitzioten Buruntzaldea IKTko kideek: "Klubari eskainitako kirol ibilbidea eskertzeaz gain, berari esker kirol egokituaren inguruan klubak asko ikasi duela eta honekiko ikuspegia berri bat duela argi utzi nahi izan genion".

Argazki galerian goizeko saioko irudiak ikusgai daude. Sariko argazki gehiago Buruntzaldea IKTko facebooken eskuragarri daude honako bi loturetan: