Basque Culinary Center sukaldaritza unibertsitate entzutetsu eta dotorean bildu dira Jakitea elkarteak eta Mantala Basque Gastronomy ekimenak elkarlanean antolatutako afariaz gozatzera joandakoak, eta ongietorri koktel batek egin die harrera; Yon Pavon herritarra arduratu da lehen esperientzia gastronomiko hori prestatzeaz. Jai Alai izeneko edaria eskaini die bertaratutakoei, kolore ilunekoa. Kontatu du 1920. urtean prestatu zuela lehen aldiz Cubako hiriburu Habanako kantinero (koktelero) batek; dirudienez, pilotan jolasteko hiri hartan eraiki zuten frontoiaren (Jai Alai) omenez. Bermuta, ginebra, angostura apur bat, lima, limoia eta ur gasduna erabili ditu azken emaitza lortzeko. Horiek guztiak behar bezala nahasi, astindu eta edalontzi zabal batean zerbitzatu ditu; izotz eta mentaz lagunduta. Edaria gozatu bitartean, Javi Penas Lasarte-Oriako Herriko Etxea-ko sukaldariaren kroketak dastatu dituzte han bildutakoek. Hiru motatako jaki zaporetsuak prestatu ditu: Idiazabal gaztazkoa, urdaiazpikozkoa eta onddoena.
Ekimenari hasiera emateko jaki eta edari horiek dastatu ostean iritsi da lehen platera mahaietara: malko ilarrak zizekin. Aratz erretegiko Zabaleta anaiek prestatu dute hori. Hirugarren herritarraren txanda izan da gero, Yon Mikel Rodriguezena. Avenidako taberna-jatetxeko ordezkariak txangurrotxoak prestatu ditu, donostiar erara. Eta itsaskiekin jarraituz, Mikel Mayan Donostiako Aldanondo jatetxeko sukaldariaren arrain zopa dastatu dute gero. Iñaki Azkue El Vaskito jatetxeko arduradunak kozinatutako kokotxen txanda izan da ondoren; saltsan eta arrautzeztatuta zerbitzatu ditu. Ibarla jatetxeko Felix Mansoren jakia izan da azken aurrekoa: bakailaoa porrusalda saltsan. Eta azken burukoa prestatzearen ardura Rafa Gorrotxategi gozogilearena izan da. Tourte de Biscay sagar opila ekarri du, eta kontatu, ogi txigortuarekin, gurinarekin, mahaspasekin, sagarrarekin eta arrautzekin eginda dagoela. Guzti horiek, noski, edari ezberdinez (txakolin eta ardo zuriak) lagunduta zerbitzatu dituzte sukaldaritza unibertsitateko ikasleek.
Sabelak beteta, goxo etxeratu dira bertaratutakoak; esperientzia gastronomiko bikaina bizituta.