Beñat Telleria herriatarrak eta Julen Gabirondo urnietarrak Binakako Euskal Pentatloia irabazi dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 14a, 10:05

Beñat Telleria herritarra eta Julen Gabirondo, podiumeko gorenean. Arg.: Tolosaldeko Ataria.

Tolosako Zezen plazan Binakako Euskal Pentatloiaren finala lehiatu zen hilaren 11n. Guztira bederatzi bikoteren – hiru emakume bikote eta gizonezko sei bikote –  jardunaz gozatu ahal izan zuten herri kirolen zaletuek. Horien artean, Beñat Telleria lasarteoriatarrak eta Julen Gabirondo urnietarrak osatutako bikoa zegoen, urdinez jantzita. Telleriak eta Gabirondok gizonezko mailako garaikurra altxa zuten Izeta VI-Olaizola bikotearekin lehia estua izan ostean

Arratsaldeko lehen txandan, emakumezko lehiaketa izan zen. Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz izan ziren nagusi eta 23 minutu eta 24 segundoko markarekin garaile izan ziren. Bigarren postuan Lur Errekondo eta Oihana Fernandez De Barrena bikoak amaitu zuen eta Lucia Orbe eta Julia Martinez hirugarren izan ziren.

Gizonezko sei bikoteak, aldiz, bi saio ezberdinetan banatu zituzten eta Telleria-Gabirondo bikoteari lehenengo txandan egokitu zitzaien jokatzea. Era horretara, Zelai IV-Zelai V eta Zaldua-Mugertza III izan ziren euren aurkariak.

Txanda bakoitzean bost probari egin zizkieten aurre lehiakideek. Gizonezkoen kasuan, 40 altxaldi 100 kiloko bolarekin; harri-tiratzean, lau plaza 400 kiloko harriarekin; aizkoran, lau kana-erdiko moztu behar izan zituzten; txingekin, sei plaza, eta, bukatzeko, lau kilometro korrikan, hau da, 40 itzuli zezen-plazari.

Harri jasotzen aurkariekiko errenta hartu zuten urdinek; harri-tiratze saioa amaitzen ere lehenak izan ziren eta atzetik zituzten Zelaiatarrei minutu eta 32 minutuko aldea atera zieten.Aizkoran aldea handitzea lortu zuten. Nahiz eta txingekin denbora galdu, azken proban ederki jardun ziren herritarra eta urnietarra eta 36 minutu eta 15 segundo eginez lehen postuan amaitu zuten Euskal Pentatloia.

Eta bigarren txandaren emaitzaren zain, geratu zen bikotea; Izeta VI-Olaizola, Irazabal-Amade eta Kañamares III-Otaegi bikoteak neurtu zituzten indarrak.

Markaren zain 

Kiliak dantzan izan zituzten urdinek; Izeta VI eta Olaizola bikoak lan ederra egin zuen eta.

Bigarren txandako buru jarri ziren eta aizkora saiora arte, ez zuten Telleria-Gabirondoren marka gainditzerik izan. Txingetan ere 10 segundo aurretik mantendu ziren. Korrika saioa amaitzean, ordea, ezin izan zuten lasarteoriatarrak eta urnietarrak egindako marka gainditu. Eta Beñat Telleriak eta Julen Gabirondok jantzi zuten Binakako Euskal Pentatloiko txapela.

Podiumeko azken mailan, Irazabal eta Amade sailkatu ziren.