Hilaren 2 eta 3an, Haritz Urdangarin kidea 39. Pirineos-Pyrénées Jose Maria Lacasta Oroimenezkoa den Espainiako Kopan lehiatu zen Jacan, Aragoien. 90 kilo azpiko mailan borrokatu zen gaztea eta zazpigarren postua eskuratu zuen.
Eslovenian izan da, aldiz, Asier Sagasti. Hilaren 8tik 11ra beteranoen Europako txapelketa jokatu da Podcetrtek herrian. Lasarteoriatarrak M1 100 kilo azpiko kategorian parte hartu eta zazpigarren postuan amaitu zuen lehia.
Bi borroka egin zituen LOKEko kirolariak. Lehenean aurkari gogorra izan zuen Sagastik; gerora txapeldun izan zen Valeri Maleaschevici errumaniarra. Herritarrak ahalegina egin arren ezin izan zuen aurkaria gailendu.
Bigarren aukeran, Mathurin Ligot frantziarraren aurka neurtu zituen indarrak. Frantziako judoka gailendu zen eta herritarrak ezin izan zuen brontzezko dominaren bidean aurrera egin.
Bestalde, Iker Izquierdo eta Aitor Santosek gerriko beltza lortzeko azterketa gainditu zuten hilaren 11n eta lehen daneko gerriko beltza jantzi dute bi judoka gazteek.