ESKUALDEA

'Birzikla dezagun. Oído cocina' sentsibilizazio kanpaina aurrera eramaten ari da San Marko mankomunitatea

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ekainaren 13a

Ostalaritza establezimenduekin lanketa egiten ari da San Marko mankomunitatea: plastikozko, metalezko eta brik motako ontzien birziklapena indartzea da helburua. Aste honetan Lasarte-Oriako taberna eta jatetxeekin ari dira Birzikla dezagun. Oído cocina izeneko kanpaina aurrera eramaten.

Mankomunitateko arduradunek jakinarazi dutenez, eskualdeko 1.400 ostalaritza establezimendu baino gehiago bisitatzen ari dira asteotan. Batetik, plastikozko, metalezko eta brik motako ontzien hondakinak birziklatzea sustatu nahi dute, eta, bestetik, negozio horien jabeei lege esparruak gai horri dagokionez ezartzen dituen betebeharrez berri eman nahi diete. "Tabernariekin elkarlanean aritzea oso garrantzitsua da material horren gaikako bilketa tasak handitzen jarraitzeko, sektore horrek hondakin ugari sortzen baititu". 

Joan den astean hasi ziren langileak bisitak egiten. Jakinarazi dute gure herrian ariko direla asteon. Lehen fasean beharrak aztertuko eta poster bana emango diote establezimendu bakoitzari, baita eranskailu bat ere, "birziklatzeko konpromisoa hartzen dutenek bereizgarri gisa erabil dezaten". Beste bisita erronda bat egingo dute, ontzi arinen hondakinak birziklatzeko ontziak emateko. 

Horrez gain, ordu erdi iraungo duen sareko ikastaro baten berri emango diete ostalariei; euskaraz nahiz gaztelaniaz egin ahalko dute. "Birziklatzearen garrantziaz ariko gara beraiekin, eta izan ditzaketen zalantzak argitzen saiatuko gara", adierazi dute langileek. Halaber, 7/2022 legea jorratuko dute, hau da, hondakinaren ekoizlearen erantzukizunari eta bilketa bereizia indartzeari buruzkoa. "Etxeetara ez ezik, zerbitzu eta saltokien sektorera iristen da; kalitate handiko birziklapena ahalbidetzea eta kalitatezko bigarren mailako lehengaien erabilera sustatzea ditu xede".