Aste Santua amaitu eta 50 egunera Pentekostes jaia izaten da, eta asteburu horretan, Rocioko erromeria aurrera eramaten dute Huelvan. Haraino joan beharrik gabe, urteak dira Semblante Andaluz elkarteak herrira dakarrela jai hori. Erlijioari lotuta dagoenez, elizkizunak ezin du hutsik egin. Arantzazuko Ama parrokian meza rozieroa egin dute. Rocioko amaren irudia eta kofradiaren zutoihala aldarearen albo batean jarrita, bestean, Semblante Rociero koruko kideak jarri dira. Eurek girotu dute meza eta ohiko Salve rociera-rekin amaitu. Juan Navarrok anaitasunez jokatzeko eskatu die elizan zeudenei, kontu handiz dena prestatu badute ere zerbait gaizki ateraz gero eta kofradiako kide berriei domina bana jarri diete. Irten aurretik, Duende laukoteak dantza egin du
Bero egiten zuen eliza barruan, nahiz eta ate guztiak zabalduta egon; eta paperak eta abanikoak gogoz astindu dituzte freskatu nahian. Kalera irtetean laino beltzak ageri ziren, baina haiei kasurik egin gabe, zain zeuden zaldien aurrean sevillanak dantzatu eta argazkiak egin dituzte. Abiatzeko ordua heldu denean, zaldunak irten dira lehenik errepidera, eta atzetik, amabirjinaren irudia zeramatenak. Hamar pauso egingo zituzten euria hasi denean. Gogotik, gainera. Ahal bezala aterpea hartu dute etxe azpietan eta irudia plastikoarekin estali dute. Giroa pixka bat baretu denean, berriro abiatu dira. Euri fina behin baino gehiagotan bueltatu da Atsobakarrera bidean, baina horrek ez du inor zapuztu.
Parkera iristean, taberna inguruan hamaiketakoa egiten, bazkarirako mahaiak prestatzen, erroskillak jan eta saltzen... zebiltzan bertaratutakoak. Atsedenik hartzeko tarterik gabe, Al Alba eta Azahar taldeen dantza emanaldia hasi da. Bazkal aurretik, lehenagotik inguruan zebiltzan udal ordezkariekin ohorezko ardoa egin dute. Topa egin eta prestatutako luntxa jan dute gonbidatuek.
Bazkalostea dantzarako unea izan da. Eszenario gainean eta azpian lau orduz nahi beste aritzeko aukera izan dute. Errenteriako Aljarafe eta Concha Rociera eta Irungo Embrujo Andaluz taldeen ondoren, Duende taldea igo da oholtzara. Horiek amaituta, dantzaldi herrikoia egin dute, azken zatian, Sembalnte Rociero koruak girotuta. Amabirjina agurtu aurretik, zozketa egin dute eta Semblante Rociero kide berrien bila dabilela adierazi dute, nahi duten guztiei parte hartzera gonbidatuz.