Eguzki Areto Futboleko infantil taldea Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun izan da amaitu berri den denboraldian. Aurreko astean Toledon jokatutako Espainiako txapelketan ez zuten lehen fasea gainditzerik izan, baina, hala ere, klubak omenaldia egin nahi izan die jokalariei. Okendo plazan elkartu dira haurrak eta gurasoak. Txalo artean eta Campeones marrazki bizidunetako abestiak lagunduta, eskuratu dituzten bi kopak zeuden mahairaino joan dira taldekideak. Ilara osatu, eta agurra dantzatu diete. Ondoren, Gorka Redondo entrenatzaileak hitza hartu du, eskertza gisa, jokalari bakoitzari opari bana egingo ziotela azaltzeko. Denek beraiena jaso dutenean, entrenatzaileen txanda izan da; gurasoek eta jokalariek prestatutako oroigarri bana eman baitiete Edu Mena eta Redondori. Hunkituta jaso dute. Amaitzeko, talde argazkia egin dute plazan.