Mende erdia urratu duela ospatzen ari da Lasartearra elkartea. Izen bereko futbol klubaren barruan sortu zen, eta horri keinu bat eginez, kirol hori ardatz duten bi jarduera aurrera eraman ditu larunbat goizean. Lehenik, Texas eta Ostadarren arteko lagunarteko partida jokatu dute Michelinen. Jokalariak Txomin Balza eta Mikel Etxarrik eskuetan zeramaten Lasartearraren banderaren atzetik irten dira zelaira, eta erdigunean, oroigarri bana jaso dute bi kapitainek. Ondoren, talde argazkia atera, eta jokoari ekin diote. Errugbian ohikoa den hirugarren denboraren ondoren, bigarren hitzordua Antonio Mercero gunean zuten. Bertan, Etxarrik gidatuta, herriko futbol jokalari eta entrenatzaile talde bat elkartu da euren ibilbidea gogoratu eta zenbait pasarte partekatzeko. Goiza Erribera kaleko egoitzan egindako bazkariarekin amaitu dute.