Dantza taldeek itxi dute Kukukaren 21. Antzerki eta Dantza Astea

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 10a, 22:04

Ikasturtean zehar ikasitakoarekin prestatu duten lana erakusten aritu dira azken egunetan Kukuka Dantza eta Antzerki eskolako ikasleak. Aurreko egunetan antzerki emanaldiak egin badituzte, gaur, euskal dantza eta sorkuntza dantzaren txanda izan da. Adin guztietako taldeek erakustaldia egin dute larunbat arratsaldean kultur etxeko auditorioan. 

Itzalitako argiak eta musika piztu direnean, dantzara atera dira HH5, LH1 eta LH2 mailetako taldeak. Euskal dantzarako prest zeuden haurrek alderik alde zeharkatu dute agertokia, eskutik helduta eta irakaslea buru. Haien atzetik, gaztetxoen taldeak eta helduenak irten dira, banan bana gero egingo zuten dantzaren zati bat erakutsi dute.

Txistulariek lagunduta, txikienek zenbait pieza dantzatu dituzte, denek elkarrekin, taldeka edota binaka. Ondo pasatu dutela agerikoa zen, aurpegian zuten poza eta egindako barreak ikusita. Jarraian atera diren taldeek, makilak baliatu dituzte beraien koreografietan, modu oso bestelakoetan. Hala, batxilergoko gazteek eta haien ondotik atera den helduen taldeen artean kontrastea eragin dute, jantzien eta argiztapenaren arteko aldeak eta erritmoenak.

Makilarik gabe, baina urre kolorez aurpegia eta beso bat apainduta, ohiko dantza tradizionalei buelta bat eman die hurrengo taldeak. Lasaiagoa izan da ondoren etorritakoak sorkuntza dantza, eta ildo beretik jarraitu du helduen taldeak, berriro, beltzetik zurira pasata. 

Saio honekin amaitu da XXI. Antzerki eta Dantza Astea. Ikasten eta hobetzen jarraituko dute datozen hilabeteetan eta agertokiren batean erakutsiko dute euren trebezia. Datorren urtean, gehiago.