Ostiral arratsaldean aurkeztu dute udaletxean Jose Martijaren omenezko VI. Txapelketa Josu Martijak eta Antonio Galanek, Kirol zinegotzi Txus Alonso ondoan zutela.
Hamabi talde lehiatuko dira: Ostadar, Texas Lasartearra, Añorga, Antiguoko, Real Union, Vasconia, Martutene, Euskaldunak, Kostkas, Real Sociedad, Eibar eta Racing de Santander. Hiru multzotan banatu, eta lehen norgehiagokak amaituta, talde bakoitzeko lehenengo biak eta bi hirugarren onenak Championsera sailkatuko dira; hirugarren txarrena eta laugarren gelditutakoak, berriz, UEFAra. Hortik aurrera, kanporaketak jokatuko dituzte eta bi final.
Michelingo ateak 9:00etan zabalduko dituzte, eta ordu erdira, omenaldia egingo diote Gorka Brit futbolari ohiari. Lasarteoriatarrak Osasuna, Numancia, Real Union eta Salamancan jokatu duela gogoratu du Martijak, eta hain zuzen ere, bere ibilbideagatik aukeratu dute. Horren ondoren, 10:00etan, partidei ekingo diete.
Antolatzaileak herritarrak gonbidatu ditu bertara daitezen. "Egun oso polita izaten da, giro oso sanoarekin. Mutikoengatik eta mutikoentzat egiten dugu, jaten ematen diegu, zaintzen ditugu... Ondo pasatzeko eguna da", laburbildu du Martijak. Eta iazko sapa gogoan, norbaitek zalantza balu, zehaztu du: "eguraldi ona egingo du, iaz baino bero gutxiago".
Alonsok ere hitz batzuk esan nahi izan ditu. Eskerrak eman dizkie Los Cahvales de Martijako lagunei beste behin txapelketa antolatu izanagatik. "Konbentzituta nago han goian. Jose oso harro egongo dela lortutakoaz, garai hartako mutikoekin horrenbeste landu zuen espiritua bizirik mantentzeaz". Hau da, Galanek nabarmendu bezala, kirola errespetutik bizitzen barneratu ziela. "Ziur egun ikusgarria izango dela, beti bezala", gehitu du Alonsok eta goza dezaten opa egin.