Nola diren gauzak: pandemia garaian elkartzen hasi ziren ikus-entzunezkoen bueltan lan egiten duten zenbait emakume lasarteoriatar, saretzen, distantzia sozialak eta elkarren artean mantendu beharreko tarteak eguneroko ogia zirenean. "Gazte zein heldu, hasiberri nahiz beterano, kezka, gogo eta helburu berdintsuak partekatzen genituela ikusi genuenean, batzea eta elkartzea erabaki genuen, irudia eta hitza lanabes hartuta", gogoratu dute. Ia une horretan bertan izan zuten aurkeztera doazen dokumentala mamitu duen ideia: gure herriaren bilakaera, identitatea eta beste gai ugari jorratzea, horren guztiaren lekuko izan, izaten ari eta izango diren herriko emakume batzuen ikuspuntutik. "Isildutako ahotsak argitara atera ditugu gure herriko historia osatzeko: hiru belaunaldi desberdinetakoak dira, Lasarten jaiotakoak batzuk, Orian besteak, Lasarte-Orian gazteenak, 50. eta 60. hamarkadetan hona bizitzera etorri zirenak eta azken immigrazio mugimenduaren eraginez gaur egun bizilagun ditugunak. Kontrasteak egin ditugu, batzuek bilakaeraz hitz egin dute eta besteek gaur egun herria nola ikusten duten". Horien guztien lekukotzak jaso, elkarri lotu, saretu, ehundu eta txirikordatu dituzte, "saski trinko bat" eratu arte.
Hori guztia, beraien perspektibatik, euskaraz eta feminismotik. "Denok dakigu ez dagoela ikuspuntu bakar bat, egia bakar bat ez dagoen gisan; begirada nora zuzendu, fokua non ipini...Hor dago-eta koska. Gure begirada eman nahi dugu, ez hobea edo politagoa delako, gurea delako baizik".
Elkarrizketak iraun bitartean ezer errepikatu badute, ahalik eta argien gera dadin, hau izan da: "Dokumentala ez da Lasarte-Oriaren historiaren errepaso kronologiko bat, baizik eta gure herriaren bilakaera nolakoa izan den gaur egun garenera iritsi arte, bertan bizi diren zenbait emakumeren bizipen eta ikuspuntutik, bakoitzak beretik". Ildo horretatik, azpimarratu dute ikus-entzunezkoan bildu dituzten istorioek herriaren historia ere badirela, eta ikustera joaten direnek udalerriari buruzko kontu "harrigarri" ugariren berri izango dutela.
Artikuluaren hasieran gainetik aipatutakoa zehazte aldera, hilaren 18an estreinatuko dute Lasarte-Oria: istorio zumez egina, kultur etxean, 19:00etan. Play botoia sakatu aurretik, egileek lana aurkeztuko dute. Bigarren pase bat egingo dute egun batzuk geroago, 22an, 18:00etan, Antonio Mercero gunean. Horretan ikus-entzunezkoa proiektatuko dute aurrena, eta tertuliatxo bat egin gero, bertaratutakoekin. Lekukotzak eman dituzten emakumeetako bi gonbidatuko dituzte.
Ihitteneko kideek ez dute lanaren ibilbidea bi emanaldi horietara mugatu nahi. "Ikusi dugu memoriaren hutsune bat badagoela herri honetan, ez dela transmititua izan, edo, bestela esanda, belaunaldiz belaunaldi jasotakoa oso partziala izan dela. Historia osatzen lagundu nahi dugu dokumentalarekin. Izan ere, nork idatzi izan du, eta nor isilarazi izan dute?".
"Zer kontatuko dizut nik, baina?"
Ikus-entzunezko bakarra estreinatuko dute, baina jaso duten material guztia erabili izan balute, bilduma luzeago baten lehenengo atala litzateke. "Hasi ginenean buruan genuenetik bildu dugunera artekoaren aldea nabarmena izan da eta pozik gaude horregatik, baina hau ere pentsatu izan dugu, zenbat istorio ote dauden oraindik kontatu gabe; bospasei dokumental egiteko adina bai". Onartu dute ez dela erraza izan dena jostea, zumetzea, hastapenetan zirriborroak, apunteak eta eskemak marrazteko erabiltzen diren paperek "dena" jasaten dutelako, baina "gustura" daude emaitzarekin eta jendartean erakusteko irrikaz.
Dokumentalgileen gurutzeetako bat izan ohi da une, hitz, esaldi eta grabatutako zatiak kanpoan utzi behar izatea. Ihittenekoei ere gertatu zaie hori, baina inork ez die kenduko dokumentalean azaltzen diren emakumeak elkarrizketatzerakoan bizi, entzun eta partekatutakoa. "Pasa zaigu, helduagoak direnekin batez ere, haiek hau esatea: 'Zer kontatuko dizut nik, baina?'. 'Arratsaldepasa' joan direla esan, baina hitz egiten hasi, eta gu harrituta gelditu; orduak eta orduak pasako genituzke haiek entzuten".
Bi emanaldi eta tertuliatxo bat
Lasarte-Oria: istorio zumez egina dokumentala ikusteko bi aukera izango dituzte herritarrek. Egileek jakinarazi dute sarrera doakoa dela eta ez dutela gonbidapenik eskatu beharko.
Hilak 18, igandea
• 19:00. Manuel Lekuona Kultur Etxean. Eman aurretik egindako lana aurkeztuko dute Ihitten elkarteko kideek.
Hilak 22, osteguna
• 18:00. Antonio Mercero gunean. Proiekzioaren ostean, tertuliatxo bat egingo dute.
Harremanetarako
• Helbide elektronikoa: ihittenikusentzunak@gmail.com
Instagram eta Facebook kontuak
@ihittenelkartea eta @Ihitten.
Webgune estreinatu berria
ihitten.eus