Lasarte-Oriako igerilariak Gipuzkoako Open zein Udako Sarietako podiumetara igo ziren

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 8a, 10:30

Buruntzaldea IKTko igerilariak Gipuzkoa Udako Sarian lortutako dominekin. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Lasarte-Oriako igerilariek bi hitzordu izan dituzte Gipuzkoako Open Saria eta Gipuzkoako Udako Saria. Markak ondu eta podiumenan izan dira herritarark. Hilaren 10ean, 32. Lasarte Saria jokatuko da Maialen Chourraut kiroldegian Buruntzaldea IKTk antolatuta

Buruntzaldea IKTko zein herriko igerilariak Gipuzkoako Open Sarian parte hartu zuten hilaren 3an eta 4an. Ederki jardun ziren eta marka ugari ondu zituzten. Podiumean ere izan ziren lasarteoriatarrak eta domina batzuk jantzi zituzten.

Bidasoa XXI taldean dauden Ainhoa eta Leire Fernandez ahizpek sari sorta metatu zuten Gipuzkoako txapelketan. 
Ainhoa garaile izan zen 100 eta 200 m. bular lehiatan eta 50 m. bular zein 50 eta 100 m. tximeleta probetan hirugarren mailara igo zen.

Leirek, aldiz, urrezko garaikurra eraman zuen 50 m. bizkar eta 200 m. lau estilo saioetan eta 200 m. bizkar proban  podiumeko bigarrn mailara igo zen.

Buruntzaldea IKTko Miren Sarobe, June Lopez, Garazi Etxeberria, Iker Gorostegui, Nahia Zudaire, Unai G. Somovilla eta Izaro Audikana igerilariak  ere parte hartu zuten lehiaketan eta lau – Garazi Etxeberria, Miren Sarobe, Nahia Zudaire eta June Lopez – arratsaldeko finaletan lehiatu ziren.

Kide bakarra igo zen podiumera, Garazi Etxeberria; 200 m. lau estilo junior mailako txapeldunorde (02.59,15) izan zen.

Etxeberriak gainera 50 m. libre zein 100 m. bular probako finaletan ere egin zuen igeri. 

Miren Sarobe eta June Lopez ere arratsaldeetako finaletan izan ziren. Lehena 100 m. libre probako lehian izan zen eta Lopezek, berriz, 100 zein 200 m. bizkar eta 200 m. libreetan. Saio guzti horietan goizeko jardunaldian marka pertsonalak ondu zituzten eta Junek gainera, 200 m. bizkar probako finalean ere erregistro berria egin zuen, 02.36,95ean.

Horiez gain, Nahia Zudaire 100 m. bizkar eta 100 m. tximeleta probetako finaletan izan zen. Zudairek azken asteetan lehiaketa ugari izan dituenez, larunbateko saioan soilik lehiatzea erabaki zuen. Nahiz eta markarik ez ondu, Zubietako igerilariak egindako lanarekin gustura amaitu zuten Buruntzaldea IKTko prestatzaileek.

Gipuzkoako Open Sarian lehiatu ziren Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Udako Saria 

Lehiaketa horretan parte hartzerik izan ez zuten Buruntzaldea IKTko igerilariek Gipuzkoako Udako Saria lehiatu zuten, Andoaingo Allurralde kiroldegian.

Marka pertsonal ugari ontzeaz gain, infantil mailako podiumean igo ziren taldeko gaztetxoak lau alditan. Nora Miguelezek (50 m. tximeleta) eta Mayi Gorosteguik (100 m. lau estilo) zilarrezko domina jantzi zuten; Amaiur Iparragirrek (200 m. libre) eta Irati Etxeberriak (200 m. lau estilo), aldiz, brontzea. 

Estilo libreko zein lau estiloetako 4x50 m. errelebo taldeak ere lehen postuetan izan ziren. Librekoan bigarren postua eskuratu zuten eta estiloetakoan, berriz, brontzezkoa.

Lasarte Saria

Buruntzaldea IKTko igerilari guztiek hitzordu garrantzitsua izango dute hilaren 10ean, Lasarte Saria. Goizean 10:00etan kanporaketak hasiko dira Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan. Arratsaldean, berriz, finalak izango dira, 16:00etatik aurrera.

Berrikuntza modura, igeriketa zein igeriketa egokituko kategorietako kirolariek batera egingo dute lehia eta genero bereizketarik gabe. Era honetara, etxeko taldeko kideek Zarautz Balea IK, Hernani KE,  AD Gaude KE, Konporta eta Amaya CD taldeko igerilariei egingo diete aurre.