ESKUALDEA

Aurreiritziak alboratu eta gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz egitera animatu dituzte herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 8a, 09:22

Sara Etxeberriak (ezkerrean) irabazi zuen iazko Lasarte-Oriako saria.

Buruntzaldeko sei udalek jakinarazi dute martxan jarri dutela Gidabaimena Euskaraz egitasmoa, eskualdeko autoeskolekin elkarlanean: Bengoetxea (Andoain); Hernani, Lagunak eta Otamendi (Hernani); Mugica (Lasarte-Oria); eta Solozabal (Urnieta eta Usurbil). Horren bidez, ikasle gazteek lizentzia horren atal teorikoa euskaraz ateratzea sustatu nahi dute, 400 euroko zortzi sari banatuta. Azterketa gainditzen duten guztiak sartuko dira zozketan. 

Udalak 2010ean hasi ziren egitasmo hori sustatzen eta orduz geroztik 1.252 ikaslek atera dute gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz. Esan bezala, aurten ere aukera emango diote horretarako, eta 18 urte bete berri dituzten herritarren etxeetara eskutitzak bidaltzen ari dira.