Zaila da esatea nork gozatu duen gehiago asteazken arratsaldean, kultur etxeko auditorioko taula gainean antzeztu duten gaztetxoek ala parean zituzten guraso, bestelako ahaide eta lagunek. Emanaldiak hasi direnean itzali egin dituzte aretoko argiak eta ilunpean geratu dira ikus-entzuleak. Umetxoak besoetan edo eskutik hartuta joan dira batzuk, kontziliatu beharraren kontuak; ez litzateke harritzekoa izango iluntasun tarte hori baliatu eta helduren batek lerde zapia jantzi izana seme, alaba, iloba, biloba edo dena delakoa oholtzan ikusi bitartean.
Lehen Hezkuntzako 1. eta 3. maila arteko ikasleen txanda izan da gaur. Ipuinak kontatuko ditugu antzezlanaren emanaldia egin du aurreneko taldeak, eta hiru ipuin klasikoren bertsio modernoak kontatu: Hiru txerritxoak (publikoari laguntza eskatu dio otsoak, adreiluzko etxea eraisteko), Artzain gezurtia eta Txanogorritxu (hiruna Txanogorritxu, otso eta ehiztarirekin).
Jarraian, Perez sagutxoak patruila berezi bat dutela jakin dute ikus-entzuleek, eszenatokian zebiltzan sagu mugituek koloretako petoak jantzi dituztenean. "PEPA" irakur zitekeen haien bizkarretan, Perez Patruila-ren laburdura. Kasu zail bat ikertu behar izan dute, dentistarenean hortz bat galdu zuen gaztetxoarena. Asteazkeneko paseko azken bi ikuskizunak Nola dastatu ilargia ipuinaren inguruan eta Txin-txin herria izan dira.
Antzerki eta dantza asteko egitaraua
Gaur, hilak 8
• 10:00/19:00, antzerki emanaldiak kultur etxean (goizekoak ikastetxeetako haurrentzat dira): Clown olinpiadak; Eskeiprruna; eta Nire ametsa.
Bihar, hilak 9
• 10:00/13:00/19:00, antzerki emanaldiak kultur etxean (goizekoak ikastetxeetako haurrentzat dira):
Txano&Gorritxu 3.0; Komun publikoa; eta Menua.
• 10:00/13:00, sorkuntza emanaldiak kultur etxean: LH3-5-6, DBH 1-2 eta DBH 3-4 taldeak ariko dira.
Etzi, hilak 10
• 19:00etan, euskal dantza eta sorkuntza emanaldiak. Lehen modalitatean HH5, LH1 eta LH1-2 taldeak ariko dira; bigarrenean, LH3-5-6, DBH1-2, DBH 3-4, Gazteak-Batxiler eta Helduak.