Eguzkiko infantilek esperientzia ederra bizi izan dute Toledon

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 7a, 12:45
Eguzki AF eta Moprisala Toledo taldeak, neurketa baino lehen. Arg.: Moprisala Toledo.

Eguzki AFko infantil taldeko arduradunek bazekiten zail izango zela Espainiako txapelketako lauko finalean egotea. Hala ere, infantil taldeak guztia eman du hilaren 2tik 5era Toledon jokatu zen lehiaketan. CD Xota, Equipe Sport Zaragoza eta Moprisala Toledo taldeekin borrokatu zen finalerako txartela  eskuratzeko eta aragoiarrek eraman zuten saria

Lehen neurketan, CD Xota nafarren aurka, Lasarte-Oriako taldeak ez zuen denborarik izan kokatzeko eta hasiberri-saria ordaindu zuen lehen minutuetan; aurkariak lau gol sartu zituen. Horren ostean gogor ekinez, 4-3ko markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira. Baina bigarren zatia lehenengoaren antzera hasi zen; beste hiru gol egin zituzten nafarrek. Ostean, neurketa orekatu zen eta Gorka Redondoren gazteek zazpi gol egin zituzten. Azken minutuetan ordea, beste hiru gol egin zituen Xotak jarraian eta 15-7 utzi zuen markagailua.

Equipe Sport Zaragoza izan zen bigarren aurkaria. Lasarte-Oriako gaztetxoek ederki egin zioten aurre Zaragozako taldeari; atsedenaldira bana berdinduta iritsi ziren. Bigarren zatian, aragoiarrek bigarren gola egin eta ederki borrokatu arren, Eguzkik ezin izan zuen markagailua berdindu. Azken minutuetan lasarteoriatarren huts batzuen ondorioz, 1-4 amaitu zen partida.

Azken norgehiagokan Moprisala Toledo izan zuen aurrez aurre. Etxeko taldea nagusi izan zen eta garaipena erdietsi zuen, 16-4. 

"Zaila zen hurrengo fasera sailkatzea. Talde gogorrak ziren.Emaitzak aldeko izan ez arren, esperientzia ederra bizi izan dugu," adierazi du Redondo prestatzaileak.

Ate irekiak

Denboraldia amaiturik hurrengoa prestatzen hasi da Eguzki AF. Ate irekietako saioak egiten ari dia azken asteetan. Euren sare sozialetan dituzte ordutegiak ikusgai.