Festatxo batekin amaitu dute GurasoLekuren ikasturtea

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 7a, 10:58

2022-2023 ikasturtean GurasoLeku egitasmoan parte hartu duten familientzat festa prestatu du Ttakun Kultur Elkarteak. Jalgi Kafe Antzokiak bildu dira 60 familia baino gehiago, eta giro ezin hobean eman diote amaiera kurtsoari.

Haur eta helduz bete zen astearte arratsaldean Jalgi Kafe Antzokia. Ttakun Kultur Elkarteak, udalarekin elkarlanean, GurasoLeku egitasmoaren ikasturte amaierako festa antolatu zuen, eta bertan bildu ziren programa horretan parte hartzen duten 60 familia baino gehiago. 

Bertaratutako familiei ongietorria egin, eta diplomatxo bana banatu die ekimenaren arduradun Jagoba Mendizabalek. Hori jaso ahala, taberna atarian bildu dira, eta talde argazkia atera dute, denek elkarrekin. Edateko jogurta eta gozo bana ere eskaini diete askari gisa, eta indarrak hartu ostean, dantzan aritu dira. Bozgorailutik aireratutako  Euri tanta banintz, Peru krokodiloa eta Aldapan gora abestien erritmora, Igone Mendizabal, Olatz Bardaji eta Garazi Lopezek gidatutako dantza saio alai batean parte hartu dute gaztetxoek; beno, eta zenbait gurasok ere bai. 

Arduradunek azaldu dute, Jalgi kafe antzokia aukeratu dutela azken jarduera aurrera eramateko, "Lasarte-Oriako euskaldunen elkargune naturala" delako: "Programaren helburuak  eta kafe antzokiarenak guztiz bat egiten dute". 

Ezagutza eta erabilera indartu

Udalerrian erroldatutako 0 eta 5 urte bitarteko haurren gurasoek Euskara Zerbitzuaren eskutik jasotzen dute egitasmoaren nondik norakoa lehendabizikoz. Segidan, aukera desberdinen berri ematen zaie eta, familien hizkuntza tipologiaren eta adierazitako interesaren arabera, ongien egokitzen zaien programan parte hartzera animatzen dituzte.

Gurasotegi programa, euskara ez dakiten edo maila nahikoa ez duten gurasoei dago zuzendua. Taldetxoak antolatzen dira eta AEK Muntteri Euskaltegiko irakasleak ikastetxeetara bertara joaten dira euskara ikastaroak ematera

Gurasolagun egitasmoak, aldiz, profil linguistiko desberdineko gurasoak biltzen ditu. Batetik, euskaraz hitz egiteko gaitasuna eta ohitura dutenak eta, bestetik, beren inguru naturalean  aukerarik edo ohiturarik ez dutelako, praktikatzeko beharra dutenak. Taldetxo txikiak izaten dira eta saioak mintzapraktikan oinarritzen dira.

Erakusketa, kafe antzokian

Ekimenaren berri izan nahi duten familiek, Jalgi Kafe Antzokian jarritako panelen erakusketa bisita dezakete. Hamabost egunez egongo dira horiek bertan ikusgai.