Tolosaldea Sahararekin elkarteko kide Eli Eizagirre eta Alazne Ruizek pozarren sinatu dute akordioa udalean. "Hona etorri eta itzultzeko bidaiak, igeriketa ikastaroak, itzulpen zerbitzua eta garraio publikoa erabiltzeko laguntzak emango dizkiegu, besteak beste", azaldu dute. Udalarengandik jasoko dituzten 10.000 euroak Lasarte-Oriara etorriko diren hiru umeei eta horiek hartuko dituzten familiei laguntzeko erabiltzen ez badituzte, uda beste udalerri batzuetan igaroko dituztenentzat izango da xahutu gabe geratzen dena.
Garbi adierazi dute kontua ez dela haurrak errefuxiatuen kanpalekuetatik hona ekartzeko tramiteak egin eta gero familien gain uztea guztia. "Adi egongo gara, laguntza eta babesa emango diegu. Talde lana da hau, gure elkartea, udala, familia eta umearen artekoa".
Udalarekin akordio bat sinatzen duten azken urtea izatea gustatuko litzaieke Eizagirre eta Ruizi, horrek esan nahiko lukeelako Oporrak Bakean egitasmoa ez litzatekeela beharrezkoa izango. "Mendebaldeko Saharak konponbide politiko eta baketsu bat merezi du". Hori esanda, balioan jarri dute programa. "Askotan, uste dugu haurrak etxean jasoko ditugunok erakutsi eta irakatsiko diegula guztia, baina gero jabetzen gara alderantziz ere badela, beraiek ere asko ematen digutela". 37 urte daramatzate proiektua garatzen Gipuzkoan, eta, pandemiaren eraginez, "hutsetik" hasi behar izan zuten iaz, etenaldi behartu baten ondotik. "Egonkortzen saiatzen ari gara berriro".
Udaren ostean, gehiago
Udaleko Gizarte Zerbitzuetako buru eta alkateorde Lourdes Acevedo "oso pozik" dago Tolosaldea Sahararekinekin hitzarmena egin izanagatik, eta aurreratu du udaren ostean lanean jarraituko dutela, datorren urteko Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzera familia lasarteoriatar gehiago anima daitezen.
Laster etorriko dira hiru haur Lasarte-Oriara, eta alkateordeak iragarri du harrera ekitalditxo bat prestatuko dutela.