Amaitu da aurtengo sorginkeria

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 5a, 10:46

Atzera kontaketa martxan jarriko zuten batzuek atzo iluntzean, Teresa Sorginari agur esan, eta datorren urteko jaiei begira jarrita. Horren aurretik, ordea, azken egunaz gozatu zuten Zabaletan.

Su artean hasi zuten batzuek igande goiza. Patata tortilla lehiaketara beraiena aurkeztu zuten hemeretzi lagunek, ziur. Iaz baino bi gehiagoren artean aukeratu behar izan zuten irabazlea Julian Toquero, Avenida tabernako Yon Mikel Rodriguez eta Aitziber Otaegi epaileek. Ordu erdi luze behar izan zituzten denak probatu eta horien artean onena aukeratzeko. Diana Marcela Arana kolonbiarrarena izan zen hori.  

Horren aurretik, partaide guztiek euren alea utzi zutenean, interesgunea plazaren erdian zegoen. Oholtza gainean txistulariek jotako doinuei jarraituz dantza egin zuten Kukukako dantzari txikiek. Baserritar jantziak ez ziren egiten zuen berorako aproposenak, eta ahal bezala, moldatu ziren haurrak: ura edan, maukak doblatu... baina gogotsu dantza egin zuten eta ondo pasatu zutela ere agerikoa zen irri eta barreak ikusita. Amaitutakoan, zukua oparitu zieten partaideei. Azkar batean arropak aldatu, eta itzaletan lasai eseri beharrean, buruhandien eta erraldoien ingurura joan ziren asko. Oraintxe in deu txarangak lagunduta berriz ere auzoan buelta egin zuten pertsonaiek.

Ondoko plazan, aldiz, herri kirolen erakustaldia egin zuten Ane Zapirainek, Amaiur Arbelaitzek, Julen Gabirondok eta Beñat Telleriak. Ez zen hor amaitu beraien lana, proba mistoan ere parte hartu baitzuten, bakoitzak talde batekin. Hala, trontzan, txingan, lokotx bilketan, ingude/gizon proban eta korrikan aritu behar izan zuten boskoteek eta txanda bakoitzean bost jasoaldi egin zituen zegokion harri jasotzaileak. Trontza probako enborren artean alde handia zegoen eta horrek eragina izan zuen abantailetan. Amaieran, horiak izan ziren garaile; urdinak, bigarren; berdeak, hirugarren; eta beltzak, azkenak. 

Bazkari herrikoiarekin indarrak hartu zituzten jaien azken txanparako. Toka txapelketa herrikoia eta Andoni Ollokiegiren emanaldia izan ziren arratsaldeko hitzorduak. Ondoren, azken traka eta datorren urtea arte esan zioten Teresa Sorginari.