Errugbia eta aitortza uztartu ditu Izar Beltzak oroimenezkoak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 3a, 16:46

Errugbizaleek hitzordu berezia izan dute gaur Michelin kirol gunean, izan ere, Beltzak Errugbi Taldeak antolatutako Izar Beltzak oroimenezkoa jokatu baitute . Errugbi Eskolak azken festa ospatu du goizean, eta arratsaldean, Atletico San Sebastian eta herriko jokalariek osatutako Lasarteorians taldearen arteko norgehiagoka jokatu dute.

Errugbi Eskolako kide, jokalari eta gurasoek festa aurrera eraman dute goizean Michelinen. Haur, gaztetxo eta heldu elkarrekin jolasean aritu dira giro politean. Zenbait joko eta ariketetan euren trebetasuna proban jartzeaz gain, neurketa jendetsua ere jokatu dute. Kirol honetan ohikoa den moduan, gainera, atseden hartu eta indarberritzeko hirugarren denbora ere egin dute.

Arratsaldean, berriz, Izar Beltzak oroimenezkoa txapelketa jokatu dute. Partida Beltzak taldeko sortzaile, jokalari eta zuzendari izandako Aitor Urangaren eta taldeko lehen kapitain eta zuzendaritzako kide zen Jorge Perez Gotxo-ren omenez jokatzen dute. Beroketa amaituta, taldeetako jokalariek ilara osatu, eta minutu bateko isilunean egin dute, haiek gogoratzeko. Jarraian, plaka bana eman diete Perezen eta Urangaren senideei. Lehenari dagokiona, bere ama eta alabak jaso dute; bigarrenarena, berriz, bikotekide eta alabak.

Oroigarri horiekin batera, egurrezko beste ikur batzuk ere bazeuden mahaia gainean. Bereziena, iaz egindako garaikurra, partiden irabazlearen izena duena atzeko aldean. Lasarteoriansen azpian, Atletico San Sebastianena gehitu beharko dute, donostiarrak gailendu baitira 12-32. Neurketako arbitroei –Jon Ibisate, Joanes Arroyo eta Eneko Sanchez laguntzaileekin batera– ere aitortzatxo bat egin diete.

Michelingo hirugarren denbora ostean, bi taldetako kideak elkarrekin joan dira ekimena babestu duten tabernetara. Zuzendaritzako kideak, aldiz, Zubietako soziedade batean afaldu dute eta Zarautzeko Asti zelaian hirugarren denboraz arduratzen diren taldeari aitortza egin zioten.