Goizetik gauera festa nagusi izan da Zabaletan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 3a, 21:17

Ostiral gaua luze joan da batzuentzat Zabaletan, baina jai egitarauak aurrera jarraitu du larunbatean. Goizetik gauera egunak gozatzeko aukera zabala ekarri die haur, gazte eta  helduei. Nahi izan duenak topatu du gustuko zeregina.

Musikarekin amaitutako gauaren ondoko goiza modu berean hasi da. Oraingoan, ordea, doinu tradizionalagoek esnatu dute auzoa. Diana egin dute auzoan barrena, bizilagunak festara deitzeko. Goizeko lehen ekimena haurren herri kirolak izan dira, eta ondoren, lotan jarraitzen zutenen bigarren iratzargailua, Xumela korua izan da. Joxe Migel Aranzadiren oroimenez XIV. Eskoba txapelketa aurrera eraman dute goizaren bigarren erdian eta Ankoker taldeak girotutako bermut musikatuarekin heldu dira bazkalordura. 

Otordua amaituta, Aranzadiren oroimenez egin duten bigarren karta txapelketari heldu diote, oraingoan, musean. Luze aritu dira jokoan, pala txapelketako finalaren hasierarekin bat eginez. Hiru partida jokatu dituzte eta lehen bietako garaileak lehiatu dira lehenengoz antolatutako txapelketako irabazlea nor zen erabakitzeko. Lagun askoren interesa piztu dute partidek, bereziki finalak; eta harmailak ia bete dituzte. 

Partidak jokatu artean, LOZETeko erraldoi eta buruhandiek kale jira egin dute dultzaineroek lagunduta. Haiekin batera guraso eta haur ugari ibili dira kalean gora eta behera. Buruhandien inguruan gogotik korrika egin dute txiki askok, beste batzuek urrutitik begiratzea nahiago izan badute ere. Erraldoien etenaldietako bat soineko azpira sartzeko baliatu dute askok, barruan egotea nolakoa den jakiteko.

Pala txapelketaren ondoren, musikaren txanda heldu da. Elektropottottek erritmo biziarekin dantzan jarri ditu eszenario aurrean zeuden lagunak; eta horiek nahikoa ez balira, Kukukako talde bat ere animatu da haiek jotako doinura dantzatzera. Atzerapenarekin zebiltzanez,  Basotxo plazara lekualdatu dira bertso saioa egin zezaten. Aulkiak jarri, eta hasi dira lanean Aitor Mendiluze, Ane Labaka, Lierni Rekondo eta Iñaki Zelaia. Lehen gairako Zigor Iriondok argazki zahar bana oparitu die Mendiluzeri eta Zelaiari. Duela urte asko leku berean egindako bertso saio batekoa, hain zuzen ere. Eurak partaide izan zituen orduko hura eta igarotako denbora oinarri hartu dute bertsotarako. Jarraian, Labaka eta Rekondo puntutan aritu dira. Zabaletako jaiez aritu dira, bertan bizitzakoez eta egindako parrandez, kasu. Eta hala iritsi dira berriro luze jo duen gauera. 

Bihar, igandea

  • 09:00etan, diana.
    10:30etik 11:00etara, 
    patata tortilla txapelketa.
    11:00etan, 
    euskal dantza Kukukaren eskutik
    12:00etan, 
    herri kirolak: Ane Zapirain, Amaiur Arbelaitz, Julen Gabirondo eta Beñat Telleria.
    12:00etan, 
    Oaintxe in deu txaranga. 
    12:00etan, 
    erraldoi eta buruhandiak LOZETen eskutik. 
    13:00etan,
     proba misto nagusia.
    14:30ean, 
    herri bazkaria, txarangak girotua.
    18:00etatik 20:00etara, 
    Andoni Ollokiegiren emanaldia.
    18:30ean, 
    Toka txapelketa herrikoia.
    20:30ean, 
    azken traka eta Teresa Sorgiñari agurra.