Zabaletara heldu da Teresa sorgina

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 2a, 20:48

Egunak daramatzate Zabaletan gaurko giroa pizten eta berotzen. Teresa sorginaren etorrera da jaien mugarri bereziena, jarduerez betetako asteburu baten hasiera. Bizilagunek, trikitilariek eta buruhandiek lagunduta, kale jiran iritsi Basotxo plazatik frontoira eta bizilagunek antolatutako egitarau oparoaren lekuko izango da igande iluntzera arte. 

Txokolate beroa eguraldiarekin oso bat ez bazetorren ere, auzo elkartearen aurrealdean pilatutako haurrek gustura edan dute banatutakoa. Musikarekin girotu dute itxaronaldia eta dantzarako baliatu dute batzuek, beste batzuek, berriz, buruhandiak zirikatzen hastea nahiago izan dute.

Atea zabaldu eta trikitilariak irten dira lehenik, atzean, hegan (eusten zuten lau lagunei esker) sorgin kuttuna. Batzen joan dira auzokideak kale jirara eta frontoira iristerako talde zabala osatu dute. Ohikoari eutsi aurretik, une berezi baten txanda izan da. 
Alejandro Romo, Teresaren egilea hil dela-eta omenaldia egin diote Zabaletako bizilagunek, bertso bat kantatu eta bere arrebei lore sorta bana emanez. Haietako bik, Natik eta Mari Carmenek, plazan bertan jaso dute, nabarmen hunkiturik, eta hirugarrenari, Beatriz, etxera eraman diote. Aurretik, agurra dantzatu diete. Jarraian, pregoia irakurri eta Teresa sorgina bere ohiko kokalekuan jarri dute. 

Ondoren, pregoia irakurri eta Jalguneko kideek dantza egin dute. Begira zituzten haurretako batzuek ere gauza bera egin dute, eta haiek izan dira Sorgin Dantzan parte hartu dutenak. 

Biharko egitaraua, larunbata 

  • 09:00etan, diana.
  • 10:00etan, herri kirolak haurrentzat.
  • 11:00etan, Xumela korua auzoan zehar.
  • 11:30ean, Joxe Migel Aranzadiren oroimenez
    XIV. Eskoba txapelketa.
  • 13:00etatik 15:00etara, Bermut musikatua, Ankoker taldearekin.
  • 15:30ean, Joxe Migel Aranzadiren oroimenez
    XIV. Mus txapelketa.
  • 17:00etan, erraldoiak, buruhandiak eta dultzaineroak LOZETen eskutik.
  • 17:30etik 20:00etara, pala txapelketako finalak. Ondoren, Elektropottotte eta Kukuka.
  • 20:00etan, bertso saioa. Bertsolariak: Ane Labaka, Lierni Rekondo, Aitor Mendiluze eta Iñaki Zelaia. Gai jartzailea: Zigor Iriondo.
  • 21:00etan, Gas-gas, goxorraketak eta  buruhandiak.
  • 21:30ean, Herri afaria.
  • 23:30ean, Akelarre dantza.
  • 23:50ean, zezensuzkoa LOZETen eskutik. 
  • Rock festa (gau pasa):
    • 00:00etan, Alarma morea.
    • 01:30ean, Rukula.
    • 02:30ean, Dj Fantasia.