Emakumea eta kirolaz hitz egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 2a, 14:31

Ostadar SKT kirol elkarteak 40 urte beteko ditu aurten. Urtemuga hori ospatzeko antolatu duen egitarauko jardueretako bat izan da Emakumea eta kirola hitzaldia. Ostegun arratsaldean egin dute jarduera hori, Antonio Mercero gunean, eta herritar ugari bildu da aretoan. 

Amaia Andres izan da hizlaria, Ostadar Atletismo Eskolako arduraduna, eta emakumeek kirol munduan nola murgildu diren azaldu du. Horretarako, nondik datozen, non dauden eta nora doazen aztertu du, eta nabarmendu, kirol berdintasuna justizia balantzaren gisakoa dela. Hala, gaineratu du oreka bilatzea beharrezkoa da, kirol "justu, ziur eta berdinzale" bat lortzeko. Azpimarratu du ezin daitekeela emakumeen talentua alboratu, ezta lidergorako zein ekintzailetzarako duten gaitasuna ere. 

Azalpen orokorra egin ostean, etxe barruko (Ostar SKT) datuez hitz egin die aretoan bildutakoei, horiek genero arrakalaz ohartu asmoz. Beste zenbait daturen artean, eskola eta federatu lizentzietan bi generoen arteko aldez mintzatu da. Entrenatzaile lanetan ari direnen arteko aldea ere erakutsi du. 

Andresekin batera, beste lau herritarrek ere hitz egin dute euren kirol ibilbide eta esperientziaz; Naroa Furundarena lasterkariak, Leire Gartzia futbolariak, Miren Zumeta ipar martxalariak eta Karmele Laso lasterkariak. 

Urteurrena ospatzen jarraitzeko, izango dira egunotan beste zenbait jarduera gehiago. Bihar, hilak 3, Ostadar SKTk denboraldi amaierako festa egingo du, 11:00etatik aurrera, Michelingo frontoian. Urtero legez, Auzolan eta Kirolari Onenaren sariak banatuko ditu Ostadarrek, eta, ondoren, sail bakoitzak taldeetako jokalari jatorrenei aitortza egingo die. Egitarauan badago berrikuntzarik, izan ere, 40. urteurrenaren harira talde argazki erraldoi bat aterako dute kirolari guztiekin. Bukatzeko, jan-edana izango dute Beltzak errugbi eskolakoek antolatutako hirugarren denboran. 

Horrez gain, gogoratu urtemuga ospatzeko prestatu duen 40 urtez kirola sustatzen argazki erakusketa (Antonio Mercero Gunean) ikustera joateko azken eguna gaur dela.