Genero ikuspegia aintzat hartuko duen Botere Judizial baten alde

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 2a, 14:32

EHUko Zuzenbide Prozesaleko doktoregaia da Sara Arruti Benito herritarra. 'Genero ikuspegia aintzat hartzen duen Botere Judizial baterantz: bere integrazioa antolakuntza judizial eta jurisdikzio funtzioan' tesia lantzen ari da, eta Ikergazte kongresuan saria jaso du 

Ikergazte euskarazko ikertzaile gazteen kongresuaren bosgarren aldiaren sari banaketa egin dute, berriki, Donostian. Bost jakintza alorretako komunikazio onenak saritu dituzte, eta horien artean, Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea atalean, lasarteoriatar bat izan da sariduna: Sara Arruti Benito. Ez da , ordea, sail horretara bere lana aurkeztu duen herritar bakarra izan; Maider Galardi Fernadez de Agirrek ere parte hartu du.

Enpresen administrazio zuzendaritza eta zuzenbidea gradu bikoitza ikasi zuen Arrutik, eta Giza eskubideak eta Botere publikoak masterra egin zuen gero. Hori amaituta, bigarren bat ere bai: Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasun masterra: Berdintasun eragileak. Orain, doktoretza egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean; Zuzenbide Prozesaleko doktoregaia da. Ikerketa lanaren bigarren urtea du, eta erabat murgilduta dago lan horretan. Genero-ikuspegia aintzat hartzen duen Botere Judizial baterantz izena du Ikergazte kongresuan aurkeztu duen komunikazio lan sarituak, eta hain zuzen ere, horren berri eman dio txintxarri aldizkariari; kongresuan bizitakoez ere hitz egin du.

Nabarmendu du EHU "globalizazio neoliberalean txertatutako" erakundea dela, "eredu indibidualista eta lehiakorrean" oinarritzen dela, eta hori hala izanik, Ikergazte "aukera paregabea" iruditu zaiola "beste unibertsitate eredu bat" sortzea posible dela egiaztatzeko; hain zuzen ere, "ezagutza kolektibo, ikuskera kritiko eta diziplinartekotasuna ardatz eta jomuga dituena".

Gaineratu du kongresua "topaleku ezin hobea" dela bi helburutarako: "Alde batetik, ikertzaileok jasaten dugun prekarietate edo itolarriari aurre egiteko arnasgune bat da, eta, bestetik, ikerkuntzan euskaraz sustatzeko ekimen ona da". Saria irabazteak, berriz, egiten ari den lanarekin aurrera jarraitzeko "indarra eta motibazioa" eman dizkiola kontatu du. 300 euro, aldizkari zientifiko batean harpidetzeko, eta horietako batean idazteko aukera lortu ditu garaile izateagatik.

Prekarietatea eta ondorioak 
Hari horri tiraka, argitu du zein baldintza kaskarretan pasa behar dituzten ikertzaileek, doktore tesiak irauten duen hiruzpalau urteetan: "1.000 euroko ordainsari bat jasotzen dugu hilero. Hau da gure egunerokoa, gure lana, eta hil amaieran diru sarrera handixeago bat izateko ez dugu beste lan batekin uztartzeko aukerarik. Orduak eta orduak pasatzen ditut ikertzen, liburuak dira nire lagunak", nabarmendu du. Horri jarraiki, kontatu du bizi duten egoera horrek buru osasunean duen eragina: "Nire sailean ikerketan aritu diren askok depresioa izan dute, eta nik ez dut horrela amaitu nahi".

 

"Ikertzaileok jasaten dugun itolarriari aurre egiteko arnasgune bat da ikergazte"

 

Ikerketa lanaren gako batzuk
Esan bezala, Genero ikuspegia aintzat hartzen duen Botere Judizial baterantz da Arrutik Ikergazte kongresuan aurkeztutako komunikazioaren izenburua –hor jorratu ditu bere tesiaren ardatz garrantzitsuenak–, eta hain zuzen ere, horri buruz galdetuta, kontatu du egungo zuzenbidearen izaera "androzentrikoa" dela. Azpimarratu du sistema juridikoen konfigurazioa gizonezko "zuri, heterosexual, desgaitasunik gabeko eta klase ertainekoak" erreferentziatzat hartuz daudela eraikiak, eta errealitate hori argitara ateratzeaz gain, salatzeko ere baliatzen ari da bere lana.  
Hala, zuzenbidearen kritika feminista hiru etapetan sailkatzen du Arrutik. Lehenengoan, nabarmendu du ordenamendu juridikoak sexistak direla, hau da, arauek gizonaren zentraltasuna oinarritzat hartzeak emakumeen esperientzia eta beharrizanak kontuan ez hartzea dakarrela. Bigarrenik, horiek berak maskulinoak ere badirela iritzi du, hau da, legeek emakumeak ikus eta tratatzen dituztela gizonek emakumeak ikus eta tratatzen dituzten bezala. Eta hirugarrenik, eta azkenik, ordenamendu juridikoek generoa dutela ere zehazten du; botere harreman asimetrikoak arau juridikoetan eta praktika judizialean islatzen direla.

Ikerketaren helburuen berri ere eman du, eta azaldu, Botere Judizialean genero zeharkakotasunaren printzipioaren integrazioa aztertzea dela. Hori hala izanik, bi alderditan bereizi du lana. Alde batetik, zuzenbide prozesalaren alderdi organikoa, eta materiala bestetik. Lehenengoari dagokionean, antolaketa judizial zein administratiboetan genero ikuspegiaren zeharkakotasuna aztertzen ari da. Bigarrenean, berriz, genero ikuspegiaren integrazioa epaile eta magistratuen jurisdikzio funtzioan ikertzen ari da; eskubide prozesal garrantzitsuenen urraketa eta epai estereotipatuak ikertuz.

 

Zuzenbidearen izaera "androzentrikoa" dela azaldu du ikertzaile gazteak 

 

Hartu beharreko neurriak
Espainiar jurisprudentziaren norabidea ere ikertzen ari da, eta, ikusi du genero ikuspegiaren ezarpena espainiar praktika judizialean ez dela normalizatu: "Ebazpen anitz aurki daitezke, zeinetan epaileek auzigaiari aplikagarriak diren arauen azterketa aseptiko eta neutrala egiten duten, emakumeen egiturazko diskriminazioa mantentzen duten rolak eta estereotipoak erreproduzituz".

Eta horren aurrean, hartu beharreko zenbait neurri ere proposatu ditu egindako orain arteko lanketan. Bi hain zuzen ere: batetik, epaile, magistratu eta langile juridiko guztiek nazioarteko zuzenbide antidiskriminatzailearen gainean, formakuntza eta prestakuntza jarraitua jasotzea ezinbestekoa dela ikusten du Arrutik; bestetik, genero ikuspegia ezartzea beharrezkoa den kasuetan, delituen instrukzioan zein epaitzan jardute gida edo protokolo bat ezartzea jurisdikzio ordena guztietan, beste herri batzuetan, Mexiko kasu, ezarritakoak aintzat hartuz. Jakinarazi du, gainera, aipatu hiri horretara joango dela laster, hiru hilabeteko ikerketa egonaldia egitera; gogotsu agertu da.

Eta, ezinbestean, etorkizunari begira ere jarri da. Erronka nagusia zein den zehaztu du: genero ikuspegiarekin epaitzeaz gain, intersekzionalitatea integratzea.