GurasoLeku egitasmoaren azken festa egingo dute Jalgi kafe antzokian

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 2a, 08:00
GurasoLandian parte hartu duen haur talde bat, Ore Ama obradorean.

Ikasturtea ezin hobeto amaitze aldera, GurasoLeku egitasmoan parte hartu duten familientzat festa bat prestatu dute Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak. Hilaren 6an izango da, Jalgi kafe antzokian, 17:00etatik aurrera. Musika, dantza, talde argazkia, askaria eta sorpresatxoren bat iragarri dute.

GurasoLeku egitasmoak 0 eta 5 urte arteko gurasoen hizkuntza ohituretan eragin nahi du eta lan horretan elkarlanean dabiltza modu batera edo bestera haurrekin eta gurasoekin harreman zuzena duten herriko eragile nagusiak: Lasarte-Oriako Udala, Ttakun Kultur Elkartea, Muntteri Euskaltegia, Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu Ikastetxeak, Andre Joakina Haurreskola, Landaberri Guraso Elkartea eta Burunzpe Guraso Elkartea.

Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Ttakun Kultur Elkarteak sinatutako lankidetza hitzarmeneko egitasmoetako bat da GurasoLeku eta Lasarte-Oriako haurrak elebidun oso bihurtzea du helburu nagusi. Horretarako, familietan euskararen transmisioa indartuko duten jarduerak aurrera eramaten dituzte irailetik ekainera, familia tipologia desberdinetara egokitutako hiru programen bidez: GurasoTegi, GurasoLagun eta Gurasolandia.

Ezagutza eta erabilera indartu 

Udalerrian erroldatutako 0 eta 5 urte bitarteko haurren gurasoek Udaleko Euskara Zerbitzuaren eskutik jasotzen dute egitasmoaren berri lehendabizikoz. Segidan, aukera desberdinen berri ematen diete eta, familien hizkuntza tipologiaren eta adierazitako interesaren arabera, ongien egokitzen zaien programan parte hartzera animatzen dituzte.
GurasoTegi programa euskara ez dakiten edo maila nahikoa ez duten gurasoei zuzenduta dago. Taldetxoak antolatzen dituzte eta Muntteri AEK euskaltegiko irakasleak ikastetxeetara bertara joaten dira euskara ikastaroak ematera.

GurasoLagun programak, aldiz, perfil linguistiko desberdineko gurasoak biltzen ditu. Batetik, euskaraz hitz egiteko gaitasuna eta ohitura dutenak, eta, bestetik, beren inguru naturalean  aukerarik edo ohiturarik ez dutelako, praktikatzeko beharra dutenak. Taldetxo txikiak izaten dira eta saioak mintzapraktikan oinarritzen dira.

Hizkuntza ohituretan eragin 

GurasoLekuren beste adarretako bat Gurasolandia programa da. 0 eta 2 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat, adituen hitzaldiak eta tailerrak antolatu dira ikasturtean zehar eta hilabeteko maiztasunarekin adin tarte horretara egokitutako gaiak landu dituzte.

2 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familien kasuan, haur eta gurasoak elkarrekin jolasean euskaraz aritzeko espazio bat bideratu dute, aisialdia abiapuntutzat hartuta.

Ildo beretik, Trukelandia programak guraso eta haurren artean euskaraz aritzeko guneak sortzen ditu eta familietako kideen artean hizkuntza ohitura berriak sortzen laguntzen du. Horretarako, talde txikiak osatzen dituzte hitz egitea erraztuko duen ezagutzaren bat partekatzeko familiek.

Amaierako festa, Jalgin 

Hori guztia esanda, GurasoLekun parte hartu duten familiek kurtsoa giro alaiean bukatzeko aukera izango dute, antolatzaileek Jalgi kafe antzokian aurrera eramango duten festan. Hilaren 6an izango da, asteartearekin, 17:00etan. Partaideek diploma bana jasoko dute aitortza eta eskertza modura. Musika, dantza, haurrentzako askaria, talde argazkia eta sorpresatxoren bat edo beste ez dira faltako.