Herriko atletak ederki jardun dira Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan zein Gipuzkoako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 1a, 11:30
Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan parte hartu duten atletak. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Lasarte-Oriako atletak aireko denboraldiko txapelketa garrantzitsuak jokatzen ari dira azken asteetan. Maiatzaren 27an eta 28an bi hitzordu izan zituzten. Gaztetxoak Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan lehiatu dira; absolutu mailako atletek Gipuzkoako txapelketari egin diote aurre

Ostadar Atletismo eskolako gaztetxoenek denboraldia amaituko dute aurki eta taldeko lau kide Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak izan ziren Zumarragako Argixao kirol gunean; Xabier Martin, Kevin Pinza, Iugatz Almagro eta Eider Redondo atletek Gipuzkoako Selekzioarekin parte hartu zuten.

Ederki jardun ziren talde urdin-beltzeko kideak eta lautik hiruk domina jantzi zuten bakarkako probetan, guztiek zilarrezkoa: Redondok luzera jauzian (4,94 m.), Pinzak pisu jaurtiketan (9,55 m.) eta Almagrok 150 m. lasterketan (19,81 s.).

Martin altuera probako zortziko finalerako sailkatu zen eta seigarren amaitu (1,45 m.) zuen laugarren eta bosgarrenarekin berdinduta.

Bestalde, 4x80 m. proban garaile izan ziren Redondo eta Almagro lurraldeko selekzioarekin.

Absolutuek bost domina

Donostiako Kote Olaizola estadioan bitartean absolutu mailako Gipuzkoako txapelketa jokatu zen. Ostadarreko hamabi bat kirolari parte hartu zuten; hiruk podiumean egotea lortu zuten.

Naroa Furundarenak zilarrezko domina eskuratu zuen luzera jauzian (5,99 m.). 

Oihana Igarrizek bi domina jantzi zituen jaurtiketa probetan: zilarra diskoan (31,36 m.) eta brontzezkoa xabalinan (27,49 m.).

Oinatz Almagrok ere hirugarren postua eskuratu zuen jauzi hirukoitzean (12,46 m.).

Horiez gain, Aiala Ramos (33,08 m.) eta Helene Martin (30,30 m.) kideek xabalina jaurtiketa proban euren markak ondu zituzten.

Bestalde, Atletico San Sebastianen lehiatzen den Nerea Eugi herritarrak zilarrezkoa lortu zuen 4x100 m. lasterketan.