Datorren astelehenean hasiko da Kukukaren 21. Antzerki eta Dantza Astea

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ekainaren 1a

Zabaletako jaietan egingo dute antzerki eta dantza asterako "beroketa".

Hauteskunde kanpainan behin eta berriro entzun dugun hitzetako bat izan da herrigintza. Badakite horri buruz zerbait Kukuka antzerki eta dantza eskolako lagunek, izan ere, bi diziplina artistiko horiekin ere posible da herria egitea, Kontxu Iartza, Uxue Odriozola, Mirari Zorzano eta Irati Iglesias kide eta irakasleen ustez. Haiekin guztiekin elkartu da txintxarri, hilaren 5ean hasiko den 21. Antzerki eta Dantza Asteaz gehiago jakiteko. Egitaraua eskuineko taulan eta aldizkari honetako Agenda atalean kontsulta dezakezue. Urtero lez, makina bat emanaldi antolatu dituzte, ikastetxeko haurrentzat nahiz lasarteoriatarrentzat. Hilaren 10eko ikuskizunak ikusteko 3 euro ordaindu beharko dituzte ikus-entzuleek, eta gainerako egunetan, prezio "sinbolikoa": euro bat.

Kukukan ikastetik, eskola horretan irakastera. Odriozola, Zorzano eta Iglesiasek aurten ekin diote lan horri. Euskal Dantza, Antzerkia eta Sorkuntza erakusten dizkiete herriko gaztetxoei, hurrenez hurren. "Esperientzia gogorra baina polita" izaten ari direla esan dute. Ekain hasierako aste hori "kurtsoko garrantzitsuena" dela azpimarratu dute hiruek: "Onena da, opari bat". Ikasleak zirenean ere hala bizitzen zutela aitortu dute. Beraien kargu dituzten umeak "urduri" ikusten dituztela esan dute, baina, aldi berean, irrikaz. Hori bai, badute ikasleren bat edo beste amaierako emanaldi horietan parte hartuko ez duena, lotsagatik batik bat. Argi dute ez dutela inor derrigortuko. Horren harira, gaztetxoei beldur eta errezelo horiek gainditzen laguntze aldera, gurasoen aurrean hiru hilean behin emanaldiak antolatzen dituztela ohartarazi dute, ikasleak  publikoaren aurrean aritzera ohitzen hasteko. "Entseguak bukatzean, pentsatzen dugu ikasleek askotan ez digutela kaso askorik egiten, baina saio horiek egitean, gurasoen edo ikaskideen aurrean, adibidez, kontzentratu eta irakatsitakoa ongi egiten dute; orduan konturatzen gara uste baino adiago egoiten direla". 

Gehiegizkoa izatea komenigarria ez bada ere, irakasleek adierazi dute normala eta beharrezkoa dela urduritasun puntu batekin igotzea eszenatokira, tximeletak sabelean dituztela, eta hori transmititzen dietela ikasleei. Kukukan irakasle izateaz gain, oholtzan aritzen jarraitzen dute, eta onartu dute beraiek ere izaten dituztela nerbioak oraindik. "Horrelakorik ez sentitzea seinale txarra da; urduri egoteak laguntzen dizu momentuan egin beharrekoan kontzentratzen; lasaiegi egonez gero, orduan egiten dituzu akatsak". 

Aurrematrikulatzeko aukera 

Hastear dagoen antzerki eta dantza asteaz eta euren lanaz hitz egiteaz gain, Kukukako kideek jakinarazi dute hilaren 5ean zabalduko dutela datorren ikasturteko aurrematrikula egiteko epea. Ohiko aukerak ez ezik, berrikuntzaren bat edo beste egingo dute: Euskal Dantza eta gorputz espresioa uztartzeko saioak egingo dituzte LH 2 eta 3. mailako umeentzat, ordu eta erdikoak. "Hasiberria zarenean batez ere, zaila izaten da nola mugitu jakitea; gorputzaren adierazpena lantzeak asko lagunduko die, koreografiak lantzeko garaian batez ere", azpimarratu du Odriozolak. 

Horrez gain, espero dute Dantza Garaikideko talde bat gutxienez ateratzea 2023-2024 ikasturtea. Iartza, Zorzano eta Iglesiasek adin guztietako herritarrak animatu dituzte modalitate horretan izena ematera: "Polita eta desberdina da, gauza berriak probatzeko aukera aparta. Gainera, belaunaldi desberdinetako pertsonek euren arteko harremana estutzen dute". Horri lotuta, Kukukaren lana balioan jarri dute, antzerkia eta dantza erakutsi bitartean herria egiten duelako: "Ikastetxeetako haur guztiak, herritarrak, haurrak, gurasoak...elkartzen ditugu urte osoan eta ekaineko aste berezian; gertutasuna sustatzen dugu".

Zabaletako jaietan ere bai

"Beroketa" moduan, asteartean hasi ziren Zabaletako jaietan parte hartzen ari dira Kukukako ikasleak. Atzo arratsaldean egin zituzten lehen emanaldiak, eta asteburuan gehiago aurrera eramango dituzte: ostiral gauean Sorkuntzako dantzariak ariko dira, 23:00etatik aurrera, eta igande goizean, 11:00etan, Euskal Dantzakoak. 

Antzerki eta dantza asteko egitaraua

Ekainak 5, astelehena
• 19:00etan, desfilea, kultur etxetik hasita.
Ekainak 6, asteartea
• 10:00/19:00, antzerki emanaldiak kultur etxean (goizekoak ikastetxeetako haurrentzat dira): 
Muxu magikoa; Mimoa; Kanitxiuaua parkea eta Talentuen lehiaketa.
Ekainak 7, asteazkena
• 10:00/19:00, antzerki emanaldiak kultur etxean (goizekoak ikastetxeetako haurrentzat dira): Ipuinak kontatuko ditugu; Perez patruila; Nola dastatu ilargia ipuinaren inguruan; eta Txin-txin herria
Ekainak 8, osteguna
• 10:00/19:00, antzerki emanaldiak kultur etxean (goizekoak ikastetxeetako haurrentzat dira): Clown olinpiadak; Eskeiprruna; eta Nire ametsa.
Ekainak 9, ostirala
• 10:00/13:00/19:00, antzerki emanaldiak kultur etxean (goizekoak ikastetxeetako haurrentzat dira): 
Txano&Gorritxu 3.0; Komun publikoa; eta Menua.
 • 10:00/13:00, sorkuntza emanaldiak kultur etxean: LH3-5-6, DBH 1-2 eta DBH 3-4 taldeak ariko dira.
Ekainak 10, larunbata
• 19:00etan, euskal dantza eta sorkuntza emanaldiak. Lehen modalitatean HH5, LH1 eta LH1-2 taldeak ariko dira; bigarrenean, LH3-5-6, DBH1-2, DBH 3-4, Gazteak-Batxiler eta Helduak.