Buruntzaldea IKTko igerilariek zazpi domina jantzi dituzte asteburuko hitzorduetan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 31a, 13:00
Lehian izan diren Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT / BAT Basque Team.

Buruntzaldea IKTko kideak Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetako zein igeriketa egokitutako France 2023 World Series probako podiumetara igo dira. Euskadiko eta Espainiako txapelketarako gutxieneko berriak ere eskuratu dituzte gaztetxoek

Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetako 40. edizioa ospatu zen Ordiziako Majori igerilekuan eta bertan Buruntzaldea IKTko Oihan Matute, Iñaki García, Ibon Elola, Mario Amantegi, Kimetz de la Cruz, Amaiur Iparragirre, Nora Miguelez eta Itxaso Iparragirre izan ziren Gipuzkoako selekzioarekin lehian. Sei domina eta gutxieneko lau marka eskuratu zituzten gazteek.

Iñaki Garciak lau urre jantzi zituen; bi bakarka (100 eta 200 m. bizkar proba) eta bi erreleboetan (4x100 m. libre eta 4x100 n. estiloak). Horrez gain, 100 m. bizkarreko markak Espainiako txapelketarako txartela eman zion igerilari gazteari.

Ibon Elolak 100 m. bizkar proban bigarren postua eskuratzeaz gain, Euskal Herriko txapelketarako marka egin zuen. Txapelketa horretarako 200 m. libreko gutxienekoa ere eskuratu zuen.

Brontzezko domina eskuratu zuen Oihan Matutek 200 m. bular proban, baita Euskal Herriko txapelketarako gutxienekoa ere.

Horiez gain, marka pertsonalak ondu zituzten Kimetz de La Cruzek 100 m. bizkar proban eta Amaiur Iparragirrek 200 m. librean.

Urrea Limogesen 

Podiumera igo zen ere taldekide Nahia Zudaire ere France 2023 World Series igeriketa egokitutako proban; 100 m. bular proban garaile izan zen.

Zudairek sailkapen probak gainditu eta bost final lehiatu zituen: 50 m. eta 100 m. libre, 100 m. bular proba, 100 m. tximeleta eta lau estiloetako 200 metrokoa. Bular probaz gain, podiumetik gertu izan zen 100 m. libre zein 200 m. estilo probetan, bietan laugarren izan zen.