Dantza eta jolas, sorgiña iritsi bitartean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 31a, 09:44

Haurrentzako jarduerekin hasi dira Zabaletako festak. Kamisetak serigrafiatzen hasi dute arratsaldea bertara joandako gaztetxoek. Koloretako kamiseta ugariri serigrafiatu diote auzoko jaiak iragartzen dituen irudia. Txukun-txukun egin dute lan hori Julian Toquero auzotarraren laguntzaz. Frontoi atzeko hesian zintzilikatu dituzte askok, tenperatura beroak serigrafiak lehortu asmoz. 

Aurreikusitakoa baino apur bat beranduago hasi da oholtza gaineko festa. Talentu bila ekimenean parte hartu dute hainbat lagun taldek. Trebezia handia erakutsi dute dantzan eta kantuan. 

Hori amaitu ostean, eta gorputzak astintzen jarraitzeko gogoari eutsiz, Gas-gas abesti ezaguna dantzatu dute, eta goxorraketak ere egin dituzte. Gozokiak poltsikoratuta joan dira haur eta heldu asko etxera. 

Gaur ere izango da jarduera bat baino gehiago. 18:00etan Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako kideek antzerkia erakutsiko dute. Ordu erdi geroago, berriz, haurrentzako jolas eta eskulanak hasiko dira, eta, ohi bezala Gas-gas dantzatuz eta goxorraketekin agurtuko dute eguna. Akelarrearen lehen entsegua ere izango dela iragarri dute antolatzaileek. 

Erlazionatuak

Talentu bila, hasiera

Txintxarri Aldizkaria 2023 mai 31 Kultura

Talentu bila, Bulegoren Kantu bat

Txintxarri Aldizkaria 2023 mai 31 Kultura

Talentu bila, Goazen-en Lagunak

Txintxarri Aldizkaria 2023 mai 31 Kultura