Eguzki Areto-Futbol taldeko infantilak Gipuzkoako txapeldun izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 31a, 09:00
Eguzkiko infantilak Gipuzkoako txapelketako garaile izan dira. Arg.: Eguzki Areto Futbola.

Eguzki AF eta Antiguoko Clinica Dental Goyeneche infantil taldeek Gipuzkoako txapelketako finala jokatu zuten hilaren 27an, Bidebieta kiroldegian, Donostian.  Partida lasaia izan zen eta Lasarte-Oriako taldeko infantilak nagusi izan ziren neurketan

 Intentsitatez jokatu ziren Gorka Redondoren jokalariak eta defentsan eta batez ere, erasoan ederki jardun ziren; "konbinazio asko egin dituzte eta ongi joan da". Ordainetan bost gol lortu zituzten –Danel Rios 2, Beñat Murillo 2 eta Axular Jimenez 1–; Antiguokok ezin izan zuen ezer egin eta azken minutura arte ez zuen gola egiterik izan.

Garaikurra lortu ostean, jokalari eta gurasoak Saustatxo elkartean bazkaldu zuten ospatzeko. Taldeak elkarteari eskerrak eman nahi dizkio euren lanarengatik.

Espainiako txapelketa

Ekainaren 2an, berriz, Toledon izango da infantil taldea. Espainiako txapelketako multzoko lehia hasiko du CD Xota talde nafarraren aurka. 

Hilaren 3an, Equipe Sport Zaragozaren aurka neurtuko ditu indarrak eta etzi, hilaren 4an, Moprisala Toledo izango du aurkari.
Multzoko lehen geratzen den taldeak txapelketako azken fasea jokatuko du ekainaren 17-18an, zehaztu gabe dagoen kokalekuan.

Eguzki ilusioaz joan da lehiaketara. Taldeko prestatzaileak azken faserako sailkapena lortzea zail ikusten duen arren, euren onena emango dutela aurreratu du: "Ez ditugu gainerako aurkariak ezagutzen; gure lehen aldia da maila horretako txapelketa batean. Lehen mailako taldeen harrobi eta Espainiako txapelketan esperientzia duten taldeen aurka jokatuko dugu. Beraz, ez da lehia erraza izango. Gure esku dagoen guztia egingo dugu neurketak gainditzeko. Aurrera egiten badugu, beste esperientzia bat izango da".