Ostadarreko jubenilak nagusi Gipuzkoako txapelketako finalean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 30a, 14:00
Ostadarreko jubenilak eta Asier Acuriola entrenatzailea, lortutako domina eta garaikurrarekin. Arg.: Ostadar Boleibola.

Pio Baroja kiroldegian jokatu zen boleiboleko jubenil mailako Gipuzkoako txapelketa, hilaren 27a. Giro ederra izan zen harmailetan, Ostadar zein Bera Bera taldeko zaletuek ederki bultza zituzten  euren jokalariak. Urdin-beltzek neurketa gogorra espero bazuten ere, Ostadarreko jubenilek nagusitasunez eskuratu zuten Gipuzkoako txapelketako finala

Kontzentrazio handiarekin egin zioten aurre Ostadarreko jubenilek aurrean zuten erronkari, Gipuzkoako txapelketa berrestea. Horregatik, Asier Acuriolak zuzentzen duen taldeak garaipena buruan zuela atera zen kantxara. 

Joko ederra egin zuten lasarteoriatarrek eta nagusi izan ziren; puntuak kontrolpean izan zituzten eta Donostiako taldeari aukera gutxi eman zizkioten. Ondorioz, 3-0 (25-16, 25-12 eta 25,15) gailendu zen Ostadarreko taldea.

Urteko lana

Gipuzkoako txapelketako garaikurra jasoaz, denboraldi paregabeari amaiera ematen dio Acuriolaren taldeak; partida bakarra galdu dute jubenilek urte osoan zehar. 

Acuriola pozarren agertu da jubenilek finalean izan zuten jardunarengatik eta batez ere, urtean zehar taldeak erakutsi duen garapenarengatik. "Bigarren urtez lurraldeko talderik onena gara. Iaz justu lortu genuen txapelketa; aurten taldea asko hazi da eta denboraldi hasieratik bere nagusitasuna erakutsi du," adierazi du talde urdin-beltzako prestatzaileak.

Goian, Ostadar eta Bera Bera taldeen arteko finaleko irudia. Behean, Ostadarreko jokalariak, garaikurra jaso ostean. Arg.: Ostadar Boleibola.